Irizarren i6s modeloa Espainiako urteko autokarra izendatu dute
Ormaiztegiko Irizar autobus konpainiaren i6s modelo berriak sari garrantzitsu bat jaso berri du: 2017. urteko Espainiako autokarra izendatu baitute. Ekitaldia asteazkenean egin zuten Madrilgo hotel batean, eta sektoreko enpresaburuek, elkarte nagusietako kideek eta erakundeetako ordezkariek parte hartu dute bertan. Irizarrek sari hori jasotzen duen 7. aldia da, eta azken hiru urteetan jarraian jaso du, Irizar i6 eta i8 modeloekin eta %100 elektrikoa den autobusarekin.
Jose Manuel Orcasitas Irizar taldeko zuzendari nagusiak “Irizar Taldeak izan duen garapen teknologiko eta berrikuntza industrial handia” nabarmendu du. “Gaur egun produktu eta soluzio teknologikoen gama zabala eskaintzen duen enpresa bat izatera igaro gara”. Autobus elektrikoa eta hiri arteko zerbitzua ematen duten autokarrak aipatu ditu, ohiko autobusez gain. “Bidaiarientzako garraio publikoko segmentu guztiei erantzun ahal diegu, bai garraio diskrezionalean, bai garraio publikoan; hiri barruan eta hiri artean ibiltzeko, zein ibilbide luzeak egiteko”. Horrez gain, “mugikortasun iraukorraren sektorean liderrak” izateko aukera dutela nabarmendu du Orcasitasek.
Irizar i6s modeloa
Orain saritu duten Irizar i6s modeloa, Irizar PB modeloa ordezkatzeko sortu zuten. Estetikoki i8 modeloaren antzeko ezaugarriak ditu, baina “abangoardiako teknologia” erabilita. Hala, “nortasun propioa duen modelo baten kalitatea, sendotasuna eta fidagarritasuna” bezalako balioak bultzatzen dituzte. Horrez gain, modelo “segurua, errentagarria eta fidagarria” dela azpimarratu du konpainiak.