Otsailaren 6an hasiko dira edukiontzi grisa jartzen Zumarragan
Zumarragan otsailaren 6an hasiko dira errefusaren edukiontzi grisa jartzen. Astelehenetan eta ostiraletan bakarrik erabili ahal izango da eta irekitzeko edukiontzi marroia irekitzeko erabiltzen den txartel bera erabiliko da. Etxeen %80an
Zumarragan otsailaren 6an hasiko dira errefusaren edukiontzi grisa jartzen. Astelehenetan eta ostiraletan bakarrik erabili ahal izango da eta irekitzeko edukiontzi marroia irekitzeko erabiltzen den txartel bera erabiliko da. Etxeen %80an badute jada. Oraindik ez dutenek, kultur etxean eskatu behar dute: astelehenetik ostiralera 10:00etatik 13:00etara eta ostegunetan 16:00etatik 19:00etara ere bai. Mikel Serrano alkateak eta Sasietako Iñaki Erauskin eta Enrike Enparantzak prentsaurrekoa eman dute gaur aldaketaren berri emateko.
Merkatariak hilaren 30ean hasiko dira sistema berriarekin, beraien edukiontziak baitituzte. Etxeetarako edukiontziak hilaren 6tik aurrera jarriko dira. Hilaren 6an Ipar Haizea, Izazpi, Busca Isusi eta Iñaki Linazasoron jarriko dituzte. Egun horretan bertan edukiontzi berdeak kenduko dituzte.
Argixaon, Leturiatarren plazan, San Gregorion eta Antio eta Beloki hiribideetan aldaketa otsailaren 12an izango da. 19an Artizen eta Legazpi auzunean jarriko dituzte edukiontzi grisak. Bukatzeko, otsailaren 26an erdialdean eta Etxeberri auzoan jarriko dituzte. Lurrazpiko edukiontzien kasuan, organikoarena eta errefusarena irekitzeko txartela beharko da, zerraila elektronikoa jarriko baitzaie.
Bestalde, pixoihalentzako edukiontziak ere jarriko dira: hiru bilketa puntutik batean, gutxi gorabehera. Edukiontzi hauek haurren gurasoek eta pixoihalak erabiltzen dituzten helduek erabili ahal izango dituzte. Horretarako, txartelaren funtzio hau aktibatu behar da. Aktibatzeko, txartela kultur etxera eraman behar da.
Udazkenean Sasietak eta udalak txartel eskaera sustatzeko kanpaina bat abian jarri zuten eta emaitzak eman ditu. Azken bi hilabeteetan 1.100 txartel banatu dira. Dagoeneko 3.300 etxetan dute txartela. Zumarragan 4.172 etxebizitza daudenez eta horietatik 609 hutsik daudenez, etxebizitzen %81ean txartela dute dagoeneko. Udazkeneko kanpainari esker, abenduan gaikako bilketa %44koa izan da. Urteko batezbestekoa %39koa da. Serranok, Erauskinek eta Enparantzak herritarrei txartela lehenbailehen eskatzeko eskatu diete eta aurten bertan gaikako bilketa %60ra iristea espero dute. Hala, Europak agindutakoa baino hiru urte lehenago lortuko litzateke portzentaje hori.