Urretxuko gaikako bilketa %24 igo da abenduan, edukiontzi grisarekin
Abenduaren 1ean edukiontzi grisa jarri zuten Urretxun eta, bizilagunen inplikazioari esker, fruituak ematen hasi da: gaikako bilketa tasa %24 igo da hilabete bakar batean. Azaroan %49koa izan zen eta abenduan
Abenduaren 1ean edukiontzi grisa jarri zuten Urretxun eta, bizilagunen inplikazioari esker, fruituak ematen hasi da: gaikako bilketa tasa %24 igo da hilabete bakar batean. Azaroan %49koa izan zen eta abenduan %73koa.
Urretxuarrak kontzientziatuta daudela dirudi. Izan ere, bosgarren edukiontziaren erabilera pixkanaka igotzen ari zen eta azaroan lehenengoz 30.000 kilo materia organiko baino gehiago jaso ziren.
Baina benetako saltoa errefusaren edukiontzi grisa jarri de-nean eman da. Txipa duen edukiontzi grisak berdea ordezkatu du eta emaitza ikusgarriak lortu ditu. Abenduan urretxuarrek 48.520 kilo materia organiko utzi zuten edukiontzi marroietan: azaroan baino 17.000 kilo gehiago, ia.
Edukiontzi marroian zabor gehiago uztearekin batera, errefusaren edukiontzian gutxiago utzi dute. Azaroan 91.680 kilo zabor utzi zuten edukiontzi berdeetan eta abenduan 43.780 bakarrik edukiontzi grisetan. Hala, 48.000 kilo gutxiago joango dira zabortegira. Aipatzekoa da ere edukiontzi horia eta urdina geroz eta gehiago erabiltzen direla. Urrian 11.460 kilo jaso zituzten edukiontzi horietatik, azaroan 14.260 eta abenduan 16.600. Urdinari dagokionez, urrian 17.660 kilo jaso zituzten, azaroan 20.180 eta abenduan 22.300.
Espero zitekeen moduan, udal agintariak pozik daude. «Datuak oso onak dira eta oso pozik gaude. Sasietakoek ere balorazio ona egin dute. Izan ere, ez dira poltsa asko ikusten edukiontzien ondoan. Horrek esan nahi du jendeak oso ondo hartu duela edukiontzi grisa. Gaur (atzo), Ingurumen batzordeko bilera izango dugu eta alderdi guztietako kideok balorazioa egingo dugu».
Gobernu taldeak ez zuen horren emaitza onak lortzea espero. «Sasietakoek %65era heltzea erraza izango zela esan ziguten, baina ehuneko hori zortzi puntutan gainditu dugu. Abenduko datuak heltzen hasi ziren hei-nean, emaitza onak lortuko genituela ikusi genuen».
Zubillagak %80ra hurbiltzea espero du. «Gure tamainako herrien sabaia %75 eta %80 artean dago. Lehen urtebete honetan %75era heltzea oso pozgarria izango litzateke».
Urretxuko zabor bilketa sistemak udaleko alderdi guztien oniritzia du. Zaborra edukiontzi bidez jasotzen dute. Beiraren, paper eta kartoiren eta ontzien edukiontziak asteko zazpi egunetan eta eguneko 24 orduetan zabalik daude. Edukiontzi marroia ere edozein egunetan eta edozein ordutan erabili daiteke, baina irekitzeko giltza behar da. Aurki, urtarrila amaieran espero dute, edukiontzi marroiak txartelarekin irekiko dira. Grisak txartelarekin irekitzen dira, baina astelehenean eta ostiralean bakarrik erabili daitezke.