Zakurrentzako aisialdi guneak zehazteko ordenantza aurkeztu dute
Udalerrian animaliak edukitzea arautuko duen ordenantza berria landu du horretarako propio sortutako lantalde batek. Herritarren iradokizunak jasotzeko postontzia dago udaletxean
Animaliak edukitzea arautuko duen ordenantzaren zirriborroa lantzeko talde bat osatu du udalak. Lantalde hori herriko bizilagunek eta ordezkari politikoek osatu dute, eta asteazken iluntzean egin zuten landutako zirriborroaren aurkezpen publikoa.
Fernando Agirre udaltzainburuak esan duenez, «Legazpin berez zakurrak kalean aske eramatea galarazitako dago» gaur egun. Ordenantza honen bitartez txakurrak aurrez adostutako hainbat gunetan «aske ibiltzea» ahalbidetu nahi da, «beti ere jabeen kontrol eta zaintzapean».
Iradokizunak jasotzea
Proposatu diren aisirako guneak «gaur egun zakurrek erabili ohi dituztenak dira». Gune horietan ezarritako ordutegia errespetatu beharko da, zakurren gorotzak jaso beharko dira eta ezingo dira aske ibili arriskutsuak izan daitezkeen eta hala katalogatuta dauden zakurrak.
Orain, parte hartze prozesua borobiltzeko herritarren iradokizunak jasotzeko postontzi bat jarriko da udaletxean, otsailaren 3ra bitartean. Parte hartzaileen artean 50 euroko erosketa-txartel bat zozkatuko da.
AISIALDIRAKO GUNEAK Urte osoan zehar · Urtatzako urtegia. Egun osoz. · San Martin pentsioa. Egun osoz. · Itxaropen 14 eta Juanastegi. Egun osoz. · Agirre Etxeberri, behean. 21:00etatik 10:00etara araututako ordutegian. Udan eta neguan · Urtatzako parke guztian. 21:00etatik 10:00etara udan. 19:00etatik 10:00etara neguan. · San Inazio 2-4 atzealdea. 21:00etatik 10:00etara udan. 19:00etatik 10:00etara neguan. · Santikutz 2-4 atzealdea. 21:00etatik 10:00etara udan. 19:00etatik 10:00etara neguan. · Bikuña kalea 2. 21:00etatik 10:00etara udan. 19:00etatik 10:00etara neguan. · Aizkorri 15-17 atzealdea. 21:00etatik 10:00etara udan. 19:00etatik 10:00etara neguan. · Mirandaola, erreka aldean. 19:00etatik 10:00etara neguan soilik. Udan debekatuta.












