Zero azpitik 5 graduraino jaitsi dira bart tenperaturak Goierrin
Euskalmet meteorologia agentziaren iragarpenaren arabera, goizean lanbro eta laino itxiak izanagatik, eguerdirako ostarteak zabal litezke. Hala ere, hotz giroak jarraituko du, eta gauean izotza egingo du berriz. Larunbaterako berriz, giro aldakorra iragarri dute, goi hodeiekin. Tenperatura gutxi igoko da eta goizaldean izotz txikia egingo du.
Iparraldetik datorren fronte hotza hasi zenetik, tenperaturarik baxuenak neurtu dituzte bart gauean. Zero azpitik 5,1 graduraino iritsi dira neurgailuak Agauntzako (Ataun) eta Aitzuko (Urretxu) metereologia estazioetan. Minima horiek goizeko 4:10 eta 4:20 aldera jasotakoak dira. Zegamak zuen orain arteko marka; asteazken goizaldean -4,3º neurtu zituzten, baina bart -4,1º-tan gelditu dira.