Gaitzari aurrea hartuz
Beasaingo Udalak, Osakidetzarekin eta Cita Alzheimer Fundazioarekin elkarlanean, esperientzia pilotu bat jarri du martxan. 60 urtetik gorako 4.000 beasaindarrei zuzendutako ongizate proiektu bat ...
Beasaingo Udalak, Osakidetzarekin eta Cita Alzheimer Fundazioarekin elkarlanean, esperientzia pilotu bat jarri du martxan. 60 urtetik gorako 4.000 beasaindarrei zuzendutako ongizate proiektu bat da: diagnosi goiztiarrean oinarrituz, Alzheimerren gaixotasunari aurre hartzeko, memoria aztertzeko tresnak eta bitartekoak, eta behar den kasuetan tratamenduak, jarri dituzte beasaindarren eskura Goiz Alzheimer programarekin. Era horretan, Alzheimerren gaixotasunaren ikerkuntzan bidelagun izango dira beasaindarrak.
Izan ere, 65 urtetik gorako hamar pertsonetatik batek garatzen du alzheimerra, eta gaur- gaurkoz, ez dago bera sendatzeko tratamendurik; prebentzioa eta gaixotasunari aurre hartzea da momentuz sendagairik eraginkorrena. Adituek diotenez, garatzen hasten denean diagnostikatzea lortzen bada, egoera eta prozesua alda daiteke.
Esperientzia berria
Astelehenean jarri zuten martxan Beasaingo Urbieta etxean, garai bateko hiltegi zaharrean, –Gaztelekua egon den tokian– diagnostikorako ebaluaketa bulegoa. Proiektuan parte hartu nahi dutenek bertan izango dute lehenengo harremana, udalak kontratutako Zeraingo Beñat Zubeldia eta Ordiziako Laura Mongelos psikologoekin, eta Beasaingo Amaia Elosegi gizarte langilearekin. Astelehenetan, asteazkenetan eta ostiraletan goizez egongo dira, 09:00etatik 13:00etara; eta astearteetan eta ostegunetan arratsaldez, 16:00etatik eta 18:00etara. Hitzordua aurrez hartzea komeni da, bulegora bertara joanda, 943 54 12 36 telefono zenbakira deituta edo goiz@beasain.eus posta elektrinokora mezua bidalita.
Ainara Estanga Cita Alzheimer Fundazioko neuropsikologoak nabarmendu duenez, «bere memoria nola dagoen ezagutu nahi duen edonoren eskura dago» gunea. Alegia, «memoriagatik kezkatuta dagoena, edo familian aurrekariak dituena, edo zerbait antzematen duena» bertara hurbiltzea animatu nahi ditu. Edo baita ere, «besterik gabe, pertsona batek ikusi nahi duelako zein den bere arriskua, faktore desberdinak kontuan hartuta; eta ikusi nahi duelako nola dagoen bere memoria eta memoria hori hobeto nola zaindu jakin nahi duelako».
Ebaluaketa horren helburua galera kognitibo arinen bat edo dementziaren bat dagoen kasuak lehenbailehen antzematea da, eta ahal den neurrian, esku hartze desberdinak martxan jartzea. Izan ere, oraindik Alzheimerren gaixotasunaren aurkako sendagairik ez badago ere, sintomak tratatzeko badaude tratamendu eraginkorrak: «Dauzkagun tratamenduak farmakologikoak dira, sintomak hobetzeko. Ikusi da tratamendu horiekin sintoma kognitiboak hobetzen direla». Horren ondorioz, «gaixoaren egoera hobetzen bada, familiakoek ere gaixoa hobeto ikusten badute, guztien bizi kalitatea ere hobetu egiten da», dio Estangak.
Lehenengo sintomak
Gaixotasun neurodegeneratiboek urte asko behar izaten dituzte sintomak garatzeko, eta askotan, medikuak diagnostikatzen duenerako larria izaten da. Izan ere, geldoa eta isila izaten da alzheimerraren prozesua. Gaixotasunaren bilakaerak hiru fase eduki ditzakeela esan daiteke, nahiz eta fasekako hori artifiziala den, eta lausoak diren fase batetik besterako mugak. Gainera, alzheimerra duen guztiak ez dira nahitaez iristen fase larrira; batzuk, ezta gaitzaren fase ertainera ere.
Lehenengo fasean oroimenaren galerarekin lotutako aldaketa kognitiboak gertatzen dira. Duela gutxi gertatuko gauzak edo berrikitako datuak ez ditu gogoratzen pazienteak. Bestalde, errepikatu egiten ditu galderak eta ekintza (behin eta berriro galdetzen du ordua, adibidez, edo egunero xerra kopuru bera erosten du, bezperan ere erosi zituela ahaztu egiten zaio eta). Ez ditu gogoratzen data seinalatu batzuk; ahaztu egiten ditu ezaguna duen baina maiz ikusten ez duen jendearen izenak; ezin izaten ditu aurkitu zenbait objektu pertsonal…
Bestalde, baliteke fase horretan azaltzea denbora eta espazio orientazioko lehendabiziko hutsuneak: ez daki zein egunetan bizi den, okerretik bidetik jotzen du, edo galdetu egin behar izaten du zer bide hartu lehen aise iristen zen elkuetara joateko… Hizkerari dagokionez, hitzak aurkitzeko zailtasuna izaten da sintomarik ohikoena gaitzaren hastapenetan. Jarduera motorren koordinazioan eta programazioan ere hutsune batzuk ager daitezke; besteak beste, objektuen erabileran eta manejuan. Idazteko edo etxe tresna elektrikoak erabiltzeko ere arazoak izan ditzake pazienteak. Gidariek, berriz, istripu arin ugari izan ohi dituzte, arrazoi argirik gabe; mailatuak autoa aparkatzerakoan adibidez.
Diruaren erabileran hutsuneak nabaritzea, etxean iturriren bat irekita uztea, sukaldeko sua piztuta uztea… beste sintoma batzuk izan daitezke.
Inplikazioa eta laguntza
Hasiera ona izan du Beasainen hasitako bide berriak. Beasaindarrek gai horrekiko kezka duten seinale, Usurbe Antzokian egindako bi aurkezpenetan bete egin zen aretoa eta astelehenean bertatik hasita, jende asko hasi da Urbietara gerturatzen lehenengo probak egitera.
Beasainekin batera, Deba (Gipuzkoa) Alzheimerren gaixotasunaren ikerketaren laboratorioa da. Deban lehenagotik ari dira gaitzari aurre hartu nahian. Ahalik eta emaitzarik onenak eskuratzeko ezinbestekoa da herritarren parte hartzea, gaixoari berari zein familiartekoei laguntzarik egokiena emateko:«Diagnostiko bat ematea eta zer gertatzen zaion jakiteak asko laguntzen du. Alzheimerra izateak zer suposatzen duen, zer datorkion, edo nola jokatu behar den azalduta, egoera ulertzen dute».
Beasaindarren inplikazioa beharrezkoa da bidea egiteko
Beasaindarren ongizatea helburutzat duten Beasain Lagunkoia Sustraietatik eta Ondo izan, ondo ibili programekin batera, Beasaingo Udalak beste hirugarren bat jarri berria du martxan: Goiz Alzheimer. Aitor Aldasoro alkateak proiektuaren aurkezpenean esan zuenez, «jakitun gara, udaletan kudeaketan hasten garenok, gure herriak urbanistikoki garatuta daudela %80-90ean. Normalean hori da jendearen ongizatearekin lotzen duguna. Kale zabalak edukitzea lotzen dugu ongizatearekin, irisgarriak izatea… Baina bada garaia beste ikuspegi batetik ere pertsonen ongizateari begiratzekoa».
Ohitura onak barneratu eta praktikan jartzen lagundu nahi du Beasaingo Udalak: «Ez bakarrik gaixotasuna detektatzen denean asistentziari begiak jarrita, baizik eta aurrez prebentzioari begiak jarrita». Horixe da alzheimerraren kasua.
Bide horretan Beasaingo Udala ez dago bakarrik; «helburu hori betetzea ezinezkoa litzateke Osakidetzarik eta Cita Alzheimer Fundaziorik gabe», esan zuen Aldasorok.
Hiru erakundeak eta beasaindarrak eskutik hartuta, «Alzheimerraren ikerkuntzan esku bat botatzera» doazela nabarmendu nahi izan zuen. Baina horretarako, beasaindarren inplikazioa eta parte hartzea beharrezkoa da: «Guk udal bezala esku bat botako dugu, baina herritarrek ez badute parte hartzen, proiektua ez dugu aurrera aterako».
Datuek diotenez, Gipuzkoan 24.000 laguni eta familiri eragiten die Alzheimerren gaixotasunak; alegia, guztira «100.000 bat pertsonei eragiten die». Goiz Alzheimer programak «ez dio bakarrik erantzun nahi gaixo posibleari edo gaixoari, baizik eta gaixoaren inguruan dagoenari ere bai. Gizarteak gaixotasun honekiko kontzientzia hartzea garrantzitsua da», gaineratu zuen.
Prozesua
Ainara Estanga Cita Alzheimer Fundazioko neuropsikologoak Goiz Alzheimer programaren prozesua eta metodologia laburbildu du urratsez urrats. 60 urtetik gorako beasaindarrek har dezakete parte.
Lehenengo urratsa
Urbieta etxean egingo dute lehenengo kontsulta. Lehenengo azterketa horretara osasun txartelaren zenbakia eta kolesterolaren azkeneko analitika eraman behar dira. Analitika hori ez duenak, farmazian egiteko aukera izango dute.Galdetegi bat (adina, ikasketa maila, gaixotasunak…) erantzun ondoren, test labur bat erantzun beharko da, memoriaren lehenengo balorazio txiki bat egiteko. Bigarren test bat ere bete beharko da, aztertua den pertsona ondo ezagutzen duenak.
Bigarren urratsa
Lehenengo ebaluaketan «zerbait antzemanez gero», Donostiako Cita Alzheimer Fundaziora joateko aholkatuko zaie, azterketa sakonagoa egiteko. Goiz batean neurologoarekin, balorazio neuropsikologiko osoa egingo zaie, funtzio kognitibo guztiak nola dauden ikusteko. «Beste arazorik ez baldin badu, erresonantzia magnetiko bat ere egiten da garunaren irudiak ikusteko. Horrekin hel gaitezke lehenengo diagnostiko batera. Jakin dezakegu ea galera kognitiborik baduen ala ez, eta dementzia izan dezakeen».
Hirugarren urratsa
Kasu batzuetan, «diagnostikoa baieztatu ahal izateko, Alzheimer motako gaixotasun bat ikusteko edo ez», puntzio lunbar bat egingo da. «Beste kasu batzuetan, berriz, beste hainbat gaixotasun baztertzeko, Zumarragako Ospitalera bideratuko dira proba zehatzak egiteko».
Tratamendua eta aholkuak
Behin emaitzak aztertuta, behar duenari, tratamendua jarriko zaie sintomak arintzeko. Memoria zaintzeko aholkuak ere emango dizkiete.