Bi istripuk erretentzioak eragin dituzte N-1 errepidean, Ordizia eta Itsasondo artean
Erretentzioak eta auto ilara luzeak eragin ditu gaur goizean Ordizian izandako trafiko istripuak. Goizeko 08:00ak aldera, N-1 errepidean, Gasteizko norantzan, bi autok elkar jo dute 421. kilometroan, Trebijano parean. Zirkulazio handiko ordua izaki, auto pilaketak sortu dira berehala, eta Itsasondo parera arte iritsi dira ilarak. Hain zuzen ere, Itsasondo eta Arama artean, beste istripu bat izan da, 423. kilometroan, Gasteizko norantzan.
Eusko Jaurlaritzako Trafiko zuzendaritzak jakinarazi duenez, Ordizian istripua izandako ibilgailuak erretiratu dituzte, eta trafikoa normaldu da. Araman ordea, auto bat bide bazterrean dago oraindik, eta errei bat itxita dute, eta 5 kilometrorainoko ilarak sortu dira, Legorretaraino. Hori dela eta, arreta handiz ibiltzeko gomendioa egin dute, pare horretan autoak motel doaz eta.