Goierriko hiru museo eta interpretazio zentro daude sare enogastrikoaren barruan. Museotara bisitak eta esperientzia gastronomikoak uztartzen dituzten ibilbideak diseinatu dituzte
Euskadiko museo enogastronomikoen sareak
gastromuseums.com atari berria aurkeztu du Fiturren, Madrilen. Proiektu horrekin, EAEko kultura enologiko eta gastronomikoaren ezaugarri nagusiak azaldu nahi dituzte. Helburu hori lortzeko, dastaketak, upeltegietara bisitak, bazkariak eta afariak edota gazta eta sagardoa bezelako produktuen ekoizpen tailerrak barneratzen dituzte.
Sei museo eta interpretazio zentrok osatzen dute sare berria; D’elikatuz elikadura eta gastronomia zentroak (Ordizia), Gaztaren interpretazio zentroak (Idiazabal), Igartubeiti museo baserriak (Ezkio), Sagardoetxea euskal sagardoaren museoak (Astigarraga), Txakolinguneak (Bakio) eta Villa-Lucia ardoaren erakustokiak (Guardia).
Hainbat urtetako lankidetzaren ondorioz, Gastromuseums-en helburua sarea osatzen duten museoen arteko harremanak sendotu eta elkarlanean bakoitzaren eskaintza zabaltzea da. Horretarako, museoetara bisitak eta esperientzia gastronomiko desberdinak uztartzen dituzten ibilbide konbinatu batzuk diseinatu dituzte: Txakolinetik hasi eta Idiazabal gaztara, Arabar Errioxako ardoetatik igaroz; sagardoaren lurraldeko sagardotegiak gertutik ezagutu; eta baserri eta azokak bisitatu bertako eta garaiko produktuen garrantzia nabarmenduz.
Etorkizun bateratua
Aurrez elkarlanean martxan jarritako ekimenak hainbat dira, hala nola Euskadiko Museo eta Zentro Enogastronomikoaren sarearen eskuliburua; kide bakoitzak eskaintzen dituen esperientzia turistiko eta erakusketa eskaintzaren berri ematen da bertan.
Horretaz gain, bakoitzaren kokapenaren eta museoen arteko distantzien berri ematen duen Euskadiko mapa bat aurkezten du, bidairik luzeena bi ordukoa izanik. Museo edo interpretazio zentro bakoitzak sareko informazioa jasotzen duen totem bat dauka, bertan QR kode baten bitartez bisita birtual bat egiteko aukera ematen duena. Bisita birtuala
www.gastromuseums.com atari berrian egiteaz gain, museo bakoitzaren webgunean ere aurkitu daiteke.
Aurrerantzean, komunikazio plan bateratu bat garatzea aurreikusten dute; Euskadi eta Espainiako hainbat hiritan ekitaldi gastronomikoak antolatuz, merchandising bateratua eginez edota sareko museoetako produktuekin Gastromuseums
packaging berezi bat garatuz.