Legazpi eta Bikuña itsasgizonei buruzko hitzaldia, gaur Urretxun
Urretxuko liburutegian hilero gai baten inguruko argitalpenak erakusten dituzte eta hileko azken asteartean gai horrekin lotutako ekintza bat egoten da. Otsaileko protagonistak itsasoa eta nabigatzaileak dira eta gaurko hitzaldian Gure
Urretxuko liburutegian hilero gai baten inguruko argitalpenak erakusten dituzte eta hileko azken asteartean gai horrekin lotutako ekintza bat egoten da. Otsaileko protagonistak itsasoa eta nabigatzaileak dira eta gaurko hitzaldian Gure Iragana elkarteko Ion Ander Artzelus Garciak eta David Cano Becerrok Goierri garaiko bi itsasgizoni buruz hitz egin behar dute: Migel Lopez de Legazpi zumarragarra eta Diego de Bikuña legazpiarra. Ekitaldia 19:00etan hasiko da.
Gure Iragana elkartea Artzelus zumarragarrak, Cano oñatiarrak, Nerea Iraola Garmendia ordiziarrak eta Borja Prieto Esnaola urretxuarrak osatu dute. Bisita gidatuak eta hitzaldiak eskaintzen dituzte. Beraien helburua historia ezagutzera ematea da.
Gaur Legazpi eta Bikuñari buruz hitz egingo dute. Canok erabaki zuen bi itsasgizon horiei buruz hitz egitea. «Kolonbian San Jose galeoia ospetsua aurkitu zuten. Galeoi hau Gipuzkoan egin zuten eta Bikuña almirantea izan zen hemendik Cadizera eraman zuena. Kolonbia eta Espainia itsasontziaren jabetza eztabaidatzen ari direla baliatuz, Bikuña eta Legazpiri buruz hitz egitea erabaki dugu», azaldu du.
Bikuña izan zen, beraz, itsasontzia estreinatu zuena. «Ontzi berritzailea izan zen. Orion eraiki zuten. 1697an hasi ziren eraikitzen eta handik urtebetera itsasoratu zuten. Bizitza motza izan zuen, handik urte gutxira hondoratu baitzen ekaitz baten ondorioz».
Itsasgizonak eta ontziak
Hitzaldia osatzeko, XVI. mendeko San Martin galeoiaz eta Legazpi itsasgizon zumarragarraz hitz egingo dute. Artzelusek bi almiranteei buruz hitz egingo du eta Canok bi itsasontziei buruz. «Datu kuriosoak aipatuko ditugu, ez da hitzaldi tekniko bat izango. Legazpiren aita preso egon zela aipatuko dut, adibidez. Heriotza zigorra ezarri zioten, erregearekin sartzeagatik, baina gero zigorra kendu zioten. Legazpik Mexikon izan zuen paperari buruz ere hitz egingo dugu. Zumarragan jaio zela eta Filipinetara joan zela dakigu, baina ordurako 60 urte zituen. Mexikon berari buruzko ikerketa oso onak egiten ari dira».
Bikuñari buruzko datuak lortzea are eta zailagoa dela dio. «Legazpin jaio zen, baina oso datu gutxi daude. Madrilera bidali zuten ikastera eta bat-ba-tean almirantea da. Ez da kasualitatea izango bere garaiko itsasontzi onenetako bat berari ematea».
Bai Bikuñak eta bai Legazpik beraien herrietan aitortza handiagoa merezi dutela uste dute. «Herritarrek ezer gutxi dakite beraietaz eta azken hamarkadetan politikariek beraiek gutxiesten saiatu dira. Gaur egungo ikuspuntutik epaitzen zaie eta beraien testuingurua kontuan hartu beharko litzateke».