Aldapak jolasteko dira
Legazpiko Maldan Behera kirol elkarteak Sputnik goitibehera merkaturatu du, finantzazio iturri modura. Kontinente guztietako haurrek, lehen eta orain, aldapak jolasteko erabili dituzte. ...
Legazpiko Maldan Behera kirol elkarteak Sputnik goitibehera merkaturatu du, finantzazio iturri modura. Kontinente guztietako haurrek, lehen eta orain, aldapak jolasteko erabili dituzte. Legazpiarrek hori berreskuratu nahi dute.
Julen Agirreburualde Legazpiko Maldan Behera inertzia kirolen elkarteko kideak txikitatik aldapak jolas-leku izan dituzte. «Beti gustatu izan zaizkit gurpilak. Guk egiten genituen gure goitibeherak eta aldapan behera jolasten ginen». Afizioa dute oraindik ere, ez dute bizimodua hortik ateratzen, baina Agirreburualde munduko hainbat toki ezagutu ditu jada goitibeheren puntako lehiaketetan parte hartu duelako.
Elkartea 2013an sortu zuten aldapak jolasteko direla gogora ekarri, eta kirola nahiz jolasa uztartzen dituen aldapen jokoa berreskuratzeko. Aurreko abenduan, Sputnik goitibehera merkaturatu dute. «Gurea irabazi asmorik gabeko elkarte bat da eta proiektu hau elkartea bera finantzatzeko jarri dugu martxan», dio Agirreburualdek. Sputnik-a betiko goitibehera bat da, «errodamenduzko gurpilak erabili beharrean uretanozkoak jarri dizkiogu, azkarragoak dira eta ez dute asfaltoa puskatzen. Hiru gurpil ipini beharrean lau jarri dizkiogu». Ez da goitibehera honi egin dioten ekarpen bakarra, balazta ere gehitu diote: «Goitibehera segurua dela transmititu nahi dugu eta balaztak segurtasun gehiago ematen du».
Segurtasunari garrantzia eman diote bidean auto asko ibiltzen delako, besteak beste. Parkeak, bidegorriak eta aldapak nonahi egonda, Sputnik-a malda txikiagoak ere gozatzeko diseinatu dute.
Sputnik goitibehera soila da, edonork erabili dezakeena. «Lasterketetan parte hartzeko homologatuta dago. Puntako txapelketetara, halere, sofistikatuagoak eramaten ditut».
Bi neurritan
Bi neurri daude: 6-14 urte bitarteko haurrena (85 euro) eta nagusiena (110 euro). Gama ezberdinak atera nahi dituzte goitibehera pilotuenak nolakoak diren ikusita. Salmentatik ateratzen dutena, nahiz eta etekinerako tarte askorik ez izan, elkartearen sostengua bermatzeko da.
Datorren maiatzean, Legazpiko Santikutz jaien harira, Legazpiko goitibehera lasterketa antolatuko dute aurten ere. Iaz Kantabria, Asturias eta beste hainbat tokitako pilotuak izan ziren Legazpin eta datorren urtean ere partaidetza ona espero du Agirreburualdek.
«Jolas unibertsala da», dio Legazpiko pilotoak, «Europan, Asian eta edonon otu izan zaie haurrei aldapa batean behera egiteko tramankulu bat sortzea egur batzuk batu eta gurpil batzuk jarrita, gure asmoa aldapekin jolasten jarraitu, eta kirol hau ezagutzera ematea da, oraindik ezezaguna baita».