Alex Aranburuk bihar egingo du debuta Caja Ruralekin, Mallorcan
Alex Aranburu txirrindulari ezkiotarra Caja Rural taldean ariko da denboraldi honetan. Bihar izango du estreineko proba, Mallorcan jokatuko den Challengean parte hartuko baitu. Aranburuk debutatzeko gogoz eta “ilusio handiarekin” dagoela azaldu du, proiektu berriak “motibazioa” eman baitio. Talde berrian “harrera ona” egin diotela esan du; Josu Zabala eta Jon Irisarri ere, lehendik ezagunak zituen.
Bi astez entrenatzen aritu dira Benidormen, eta taldea prest ikusten du Mallorcako Challengerako. Lau etapako itzulia da. Aranburu taldekideei laguntzeko asmoz doa, baina baita ikastera ere.
Aranburuk iaz egin zuen debuta profesional mailan, Murias taldearekin. Aurten ordea, Continental Profesional mailan ariko da ezkiotarra, Caja Rural taldearekin. Mallorcako Challengearen ondoren, Frantzian izango du hurrengo hitzordua Aranburuk, Besseges-ko proban.