Beasain Kirol Elkarteak egindako eskaera 2017ko udal aurrekontuen inbertsioen atalean sartu dute. Loinatz 'berrian' entrenamendu eta partida gehiago jokatuko dira
2017ko Beasaingo Udalaren aurrekontuak, inbertsioen atalean, Loinatz futbol zelaian belar artifiziala jartzearen proiektua jasotzen du. Beasain Kirol Elkarteak egindako eskaria da, «belar naturaletik belar artifizialerako aldaketako premia, azken urteotan Beasaingo futbol zelaien erabilpenaren baitan sortu diren beharrak eskatuta». Gipuzkoako Foru Aldundira aurkeztuko dute proiektua diru laguntza lortzeko.
Beasain Kirol Elkartea urtetik urtera haziz joan den taldea da. Momentu honetan, futbol eskolaz gain (150 neska-mutil), 13 talde kudeatzen ditu; baita Goierri Gorriko taldeak ere. Talde gehienek belar artifiziala duen Igartzako zelaian entrenatzen eta jokatzen dute; belar naturaleko Loinatz futbol zelaia, berriz, Hirugarren Mailako taldeak bakarrik erabiltzen du: «Loinatz zelaiaren erabilpena urria izan da beti, dituen berezitasunengatik eta baldintza egokietan mantentzeko zailtasunengatik. Horrek guztiak bere erabilera mugatu du».
Beraz, orain Loinatzen belar artifiziala jarrita, «Loinatz
berrian entrenamendu eta partida gehiago jokatuko dira». Honela, «egun itota eta erabileran gainezka eginda dagoen Igartza zelaiari arnasa hartzeko aukera emango dio», gaineratu dute.
Mantenu kostu txikiagoa
Proiektuaren arabera, Loinatzen azken belaunaldiko belar artifiziala jarriko dute, «bere berezitasunak kalitate eta abantaila onenak bermatzen ditu». Mantenuaren kostuari dagokionean, belar naturalarekin alderatuta, gastua txikiagoa da. «Gauza bera geratzen da zelaiaren erabileran, edozein urtaro eta eguraldi baldintzekin erabili daiteke eta. Baliabideen optimizazioa eta etekina handitzen da».
Bestetik, talde nagusien partidak Loinatz zelaira bideratzeak talde nagusiei (tartean Goierri Gorriri) balio gehigarri bat ere ekarriko diela uste dute: «Herriko zelai nagusia den heinean, ikuslego aldetik eta azpiegituren ustiapenari dagokionean, oraingoa baino probetxu handiagoa aterako zaio Loinatz zelaiari».
Kirol Elkarteak gehitu duenez, Igartzak jasaten duen higadura eta erabilerak «bere egoera okertu du eta belarra berritzearen beharra ere gertu ikusten da gehien erabiltzen den zelaian».