Munduko emakumeen literatura hizpide, Urretxun
Munduko Emakumeen Literatura liburu lanketa taldeak lehen saioa egingo du bihar Urretxuko liburutegian. Jane Austen idazle britainiarraren Harrotasuna eta aurrejuzguak liburua izango dute hizpide. Saioa 18:30ean hasiko da. Ekimen honen
Munduko Emakumeen Literatura liburu lanketa taldeak lehen saioa egingo du bihar Urretxuko liburutegian. Jane Austen idazle britainiarraren Harrotasuna eta aurrejuzguak liburua izango dute hizpide. Saioa 18:30ean hasiko da. Ekimen honen helburu nagusietako bat emakumeek historian zehar egin duten ekarpena aldarrikatzea da.
Egitasmo honen bultzatzailea Monica Leiva da. Leivak Munduko literatura zikloa dinamizatzen du Zumarragako liburutegian. «Zumarragako liburu lanketa taldean lagun asko gaude eta saioak gidatzea geroz eta zailagoa da. Hori dela eta, talde berri bat osatzeko beharra zegoen. Ez genuen dagoeneko egiten dena errepikatu nahi. Zerbait espezializatuagoa falta zela uste genuen eta asmatu dugula uste dut. Izan ere, dagoeneko hamasei lagunek eman dute izena».
Munduko emakumeen literatura aztertzea erabaki dute. «Leiho honetatik, mundu osoko emakumeen literatura behatuko dugu. Emakumeok gure historia ezagutzeko irrikitan gaude, ez baitzaio merezi duen oihartzuna eman. Literaturaren eskutik, emakumeek idazteko aukera eduki dutenetik egin dutena ezagutuko dugu. Ez da ahaztu behar emakumeek ez dutela beti idazteko aukera eduki».
Oso aberasgarria izango dela uste du. «Emakumeok hazteko eta ahalduntzeko toki bat izango da. Emakumea izatea zer den hausnartzeko balioko du».
Taldea gizonezkoei zabalik dagoela gogoratu du. «Geroz eta gehiago baloratzen dute emakumezkook egindako kultura, baztertua izan denez, ezezaguna izan baitzaie. Liburu lanketa taldeak espazio horizontalak dira: iritzi guztiek balioa dute eta modu informalean ikasteko balio dute. Munduko emakumeen literaturari buruzko talde hau abangoardien garaiko Pariseko saloien modukoa irudikatzen dut».
Lehen zikloa emozioei buruzkoa izango da. Biharko saioan Jane Austen-en liburu bati buruz hitz egingo dute. «Austen maistra bat da. Emakumezkoon unibertsoa etxeko atean bukatzen zen garaian, historiako onenen artean dauden nobelak idatzi zituen. Bi mende igaro dira eta bere lanek erabaki zuzenak hartzen laguntzen dute oraindik ere. Miresgarria da».
Mary Westmacott
Bigarren saioan Mary Westmacott-en Una hija es una hija liburuari buruz hitz egingo dute. Mary Westmacott Agatha Christie-k gai moralei buruz idazteko erabiltzen zuen ezizena zen. «Emakume askok ezizenak erabili behar izan dituzte gai batzuei buruz idazteko eta emakumezkoak era zehatz batean aurkezteko. Liburu honetan seme-alabengatik gehiegizko sakrifizioak egitea txarra dela dio». Hirugarren saioan Sylvia Plath-en La lampara de cristal autobiografia izango dute hizpide.
Leivak herritarrak parte hartzera animatu ditu. «Izena emateko, Urretxuko liburutegira joan daiteke. Hilero saio bat egingo dugu eta liburuak liburutegian bertan eskura daitezke. Saioak gazteleraz dira, baina liburuak norberak nahiago duen hizkuntzan irakur daitezke», amaitu du.