Iparragirre institutuak otsailean hasiko ditu 50. urteurreneko ekitaldiak
Urretxu eta Zumarragako Joxe Mari Iparragirre institutuak 50 urte bete ditu eta ekitaldi sorta antolatu dute urteurrena ospatzeko. Hitzaldiak, mendi irteera, erromeria, zine emanaldia, liburu aurkezpena, bazkaria eta kontzertuak antolatu
Urretxu eta Zumarragako Joxe Mari Iparragirre institutuak 50 urte bete ditu eta ekitaldi sorta antolatu dute urteurrena ospatzeko. Hitzaldiak, mendi irteera, erromeria, zine emanaldia, liburu aurkezpena, bazkaria eta kontzertuak antolatu dituzte. Gainera, Santa Isabel jaietako pregoia irakurriko dute.
Prentsaurrekoa eman zuten atzo Miren Rodriguez zuzendariak eta Amaia Alvarez ikasketa buruak. Azken hau arduratu zen egitaraua aurkezteaz.
Sarrera libreko bost hitzaldi egongo dira. Otsailaren 2an Gurutz Linazasoro neurologoak XXI. mendeko garunari buruz hitz egingo du Zelai Arizti kultur etxean. 23an Pedro Berriotxoa historialariak Baserria eta eskola hitzaldia emango du Urretxuko kultur etxean. Martxoaren 9an Eider Goiburu berdintasun teknikariak gazteen artean ematen den matxismoa izango du hizpide Zelai Arizti kultur etxean.
Martxoaren 30ean, berriz, Jose Luis Lafuente Osarteneko zuzendariak etorkizuneko lan irteerei buruz hitz egingo du Urretxuko kultur etxean. Bukatzeko, apirilaren 27an Iñigo Perezek, Juanma Hurtadok eta Josema Azpeitiak sukaldaritzari buruz hitz egingo dute Zumarragako kultur etxean. Hitzaldi guztiak 19:30ean izango dira, azkena ez ezik. Hau 18:30ean hasiko da.
Ikasleei zuzendutako hitzaldiak ere egongo dira. Hauek ere ikasle ohiek emango dituzte: Dani Garrido kirol kazetariak, Gurutze Fernandez futbol jokalariak, Barbara Rivas aktoreak eta Natalia Mora Gil diseinatzaileak.
Bestalde, martxoaren 19an mendi irteera egongo da: Meakara joango dira eta han erromeria egingo dute. Martxoaren 31n, ButaK 21 zineklub taldearen laguntzarekin, Cuando tienes 17 años pelikula emango dute.
Ekitaldi nagusiak apirilaren 1ean izango dira. 12:00etan ekitaldi instituzionala egingo dute Labeaga aretoan. Bertan, urteurreneko liburua aurkeztuko dute. Ondoren, herri bazkaria egongo da. Txartelak aurki jarriko dituzte salgai.
Ekainaren 16an musika izango da protagonista: batukada taldeak bi herrietako kaleetan joko du eta 19:00etan ikasleen musika taldeek kontzertua emango dute. Bukatzeko, Zumarragako Santa Isabel jaietako pregoia irakurriko dute.
Ekarpena
Rodriguezek institutuak egindako ekarpena gogoratu zuen. «Orain dela 50 urte Donostian, Irunen eta Eibarren bakarrik ikas zitekeen batxilergoa eta, beraz, seme-alabak hara eramateko baliabideak zituzten familiek soilik zuten hezkuntza maila altua lortzeko aukera. Institutuarekin hezkuntza eskualde osoan zabaldu zen. Langile xumeenen seme-alabak ere ikasgeletan sartu ziren». Zumarraga eta Urretxun erreferentziazko zentro publiko bakarra izaten jarraitzen duela gehitu zuen.
50 urte hauetan 8.000 ikasle inguru pasa dira institututik. Horietako batzuk oso ezagunak dira. Adibidez, Gurutz Linazasoro neurologoa, Josu Jon Imaz EAJ alderdiko presidente ohia eta Andoni Aizpuru eta Amaia Urkia ETBko aurkezleak.