Guztia prest dute, larunbatean, txistularien alarderako; 100 lagunedik gora igoko dira eskenatokira. Haurren danborrada igandean 17:00etan aterako da kiroldegitik.

Kirolaz harago musika ere protagonista izango da Idiazabalen, San Blas jaietako aurreneko asteburu honetan. Izan ere, musikarekin hasiko dira festak bihar arratsaldean; kantu-jirakoak, eguneko zentroan bilduko dira , 16:45ean, festak girotzen hasteko helburuz.
Asteburuko beste ekitaldi nagusienetako bat, larunbatean egingo duten txistularien alardea da. Lehendabizi, txistulari ohien kalejira egingo dute 19:30ean eta 20:00etan emango diote hasiera txistularien alardeari, Zelaako kiroldegian.
Hilabeteetako lana
Horrelako ekitaldi bat antolatzeak, lan handia dauka atzetik. Irailean hasi ziren guztia koordinatzen eta entseguak egiten. Txistulariak, perkusionistak, abesbatza, dantzariak, haurren danborradako bi konpainia eta musika eskola haurrek hartuko dute parte besteak beste. Ehundik gora lagun guztira, Iñaki Telleriaren gidaritzapean. Telleriak, orain dela 10 bat urte hartu zuen bere aitak pasatako lekukoa; Naxario Telleria izan zen Idiazabalgo txistularien alardearen sortzailea, orain 24 urte.
Zuzendariak eta ikuskizunean parte hartuko duten guztiek lan handia egin dute larunbatean, kalitatezko ekitaldi bat eskaini ahal izateko. Entseguak baino lehenago, joko dituzten piezak aukeratu eta moldatu egin behar izan dituzte, txistuarekin jo ahal izateko. Iñaki Telleria bera aritu da lan hori egiten Aitor Furundarenaren laguntzarekin. Antolakuntzak herritar guztiei egin die parte hartzeko gonbitea.
Haurren danborrada

Danbor hotsak hartuko ditu igande arratsaldean Idiazabalgo kaleak. 3 eta 12 urte bitarteko, 300dik gora haur aterako dira zazpi konpainiatan banatuta; aguadoreak, artzainak, frantsesak, kosakoak, militarrak, soldaduak eta sukaldariak.
Horiei guztiei laguntzen kantinerak eta Udal korporazio txikia joango dira. Aurten, Beñat Oiarbide eta Elene Lizarralde izango dira alkate txikiak. Zinegotziak, Xuhar Ariztimuño eta Unai Alberdi izango dira; Kapitaina, berriz, Iñaki Aldasoro, eta generala Ander Garmendia izango da.
Kiroldegitik aterako dira 17:00etan eta Idiazabalgo kaleak zeharkatu ondoren, udaletxeko plazan amaituko dute. Bertan, danborradako ohiko hainbat abesti eta Naxario Telleriaren konposizioak joko dituzte.
Beste ekitaldi batzuk
Larunbatean, plater hausketa saioa egingo dute San Inazio auzoko Mendigorria kanpan, Otsoa elkarteak antolatuta, 10:00etan. Arratsaldean, berriz, Euskal Herriko sokatira txapelketa jokatuko da Igarondo pilotalekuan, 17:00etatik aurrera.
EGITARAUA: