Musika taldeentzat lau entsegu lokal egingo dituzte, kontainerrekin
Egitasmoa udalek bultzatu dute. Kontainerrak Sarralde enpresaren sarreran dagoen pabilioi batean jarriko dituzte. Kontzertuetarako areto bat prestatzea aztertzen ari diraUrretxu eta Zumarragako musika taldeek urte asko daramatzate entsegu lokalak eskat...
Egitasmoa udalek bultzatu dute. Kontainerrak Sarralde enpresaren sarreran dagoen pabilioi batean jarriko dituzte. Kontzertuetarako areto bat prestatzea aztertzen ari dira
Urretxu eta Zumarragako musika taldeek urte asko daramatzate entsegu lokalak eskatzen eta bi herrietako udalek egitasmo bat landu dute arazo horri irteera emateko: zortzi kontainer ekarri dituzte eta horiekin lau lokal egingo dituzte. Kontainerrak Sarralde enpresan jarriko dituzte: sarreraren ezkerretara dagoen pabilioian.Edukiontziak bertan daude jada. Albo batean ebaki egingo dira, bi kontainerrekin entsegu lokal bat egiteko. Ondoren, edukiontzien zorua egokituko dute eta argindarra jarriko diete. Zorua egurrezkoa izango da.
Aipatzekoa da kontainerren artean kale bat prestatuko dutela eta kalea eta edukiontzia ez direla pabilioiko zoruarekin kontaktuan egongo. Izan ere, Sarralde enpresako zorua kutsatuta dago. Komun bat ere ipini behar dute, musikarientzat.
Urretxu eta Zumarragako musika talde batzuek Sarralden entseatzen zuten dagoeneko. Eurite baten ondoren ura beraien entsegu lokaletara sartu zen eta Urretxuko Udalak entsegu lokal haek ixtea erabaki zuen. Ondoren, Zumarragako Udalarekin batera behin-betiko irtenbidea bilatzeari ekin zion.
Azkenean, edukiontziekin entsegu lokalak egitea erabaki dute. Irtenbide azkarra da eta, gainera, entsegu lokalak beste toki batera eramateko aukera ematen du.
Hasteko, zortzi kontainer eskuratu dituzte. Hauekin lau lokal egingo dira. Esperientzia positiboa bada, udalek beste zortzi edukiontzi eskuratuko dituzte.
Bestalde, bi udalak kontzertuetarako gune bat egokitzeko aukera aztertzen ari dira. Gune hori pabilioiaren beste aldean egokituko litzateke. Alde horretan teilatuaren egoera okerragoa da eta konpondu egin beharko litzateke.
Grabazio estudioa
Urretxu eta Zumarragako musika taldeek grabazio estudio bat ere eskatu dute eta udalak eskaera aztertzen ari dira. Lau entsegu lokalak udaberrirako prest egotea espero dute. Beraien kudeaketaren ardura bi udalek hartuko dute.