Sinadura bilketa egingo du Ireki taldeak preso eta iheslarien alde
150.000 sinadura bildu nahi dituzte ekainaren 17rako
Preso eta iheslariak etxeratze prozesuan jartzeko Ireki izeneko proiektua aurkeztu zuten pasa den urriaren 15ean. Ireki langile langile mugimenduak martxan jarritako ekimena da. Joan den urtarrilaren 23an, Goierriko Irekik, sindikatuei ekimenaren aurkezpena egin zien, laguntza eta atxikimentua eskatuz. LAB, ESK, HIRU eta EHNE sindikatuek bat egin dute Ireki proiektuarekin. Irekik jarri duen helburua, «ekainaren 17rako langile esparruan 150.000 sinadura» biltzea da. Erronka «handia den arren, betetzea» lortuko dutelakoan daude.
Bi arrazoi nagusi eman dituzte euskal preso eta iheslariei atxikimendua azaltzeko; batetik, «arrazoi logikoa» eta bestetik, «langile arrazoia». Arrazoi logikoa, «garaia» delako eta langile arrazoia, «aldaketak eragiteko langileen bultzada behin baino gehiagotan erabakigarria» izan delako.
Ireki dinamika osatzen dutenek «euskal preso eta iheslariak ere etxerako bidean jartzeko garaia» dela uste dute, eta langile munduak «historikoki erakutsi izan duen eragite gaitasuna» baliatu nahi dute, helburu horretan laguntzeko.
ETAk behin betiko su etena iragarri zuenetik 5 urte pasa dira. Horregatik, «preso eta iheslarien aferari irtenbidea» bilatu nahi dio langilegoak, Ireki proiektuarekin «guztiak batera, epeka, legediak aldatuz edo aldatu gabe, modu desberdinetan baina etxerako bidean» nahi dituzte.
Gaiaren lanketa
Azken bost urteotan, langile mugimenduan «arazo honen inguruko kontuak ahazturik» izan dituztela eta «ekarpenik egin ez» dutela aitortzen dute Ireki proiektua osatzen dutenek. 2016ko abuztuaren 30ean euskal preso politikoen sakabanaketa erakusten duen mapa honakoa zen: 370 preso ziren guztira, 345 Espainiako estatuan, 1 Suitzan, 1 Portugalen eta 80 Frantziako estatuan presondegiratuak.
Pasa den urtarrilaren 9an, Bilbon eta Baionan izandako manifestazioen ostean «gogoeta» egiten hasi» ziren eta geroztik, «ideia horrekin bueltaka» jardun dute. Euskal langileriak, esparru horretan eginiko ekarpenak «urrun dira, oso urrun; Ibaetako foroa, elkarretaratzeak, manifestuak eta lan uzteak», besteak beste.
Munduko hainbat tokitan izan dira gatazka armatuak eta gatazka horien amaieran, «toki guztietan bilatu diote irtenbidea, preso eta iheslarien arazoari, Euskal Herrian izan ezik». Orain, «Euskal Herri guztiko» langile talde bat bildu da, «egoera honekin oso kezkatuta» daudelako.
Historian zehar, «langileon bizi eta lan baldintzetan izandako lorpenak, langile mugimenduan eginiko indar biltzearen ondorioz» lortu direla adierazi dute Irekiko kideek eta preso eta iheslariei dagokionean ere «emateko asko» dutela nabarmendu dute.
Behin 150.000 sinaduren helburua lortuta, sinadura horiek guztiak, preso eta iheslarien arloan lanean diharduten eragileen esku utziko dituzte, beraiek kudea ditzaten, «baita euskal sindikatuen esku ere».