Beasaingo Daniel Zabalo triatloilariak 60 urtetik gorakoen beteranoen mailako Euskadiko txapela jantziko du igandean. 1989tik dabil triatloian, Trigoi taldearekin.
Euskadiko Triatloi Federazioak triatloiaren gala egingo du igandean Itziarren (Gipuzkoa). Besteak beste, Euskal Herriko duatloi eta triatloi zirkuituetako irabazleei sariak banatuko dizkiete. Beteranoetan, bi goierritar izango dira sarituak: Daniel Zabalo triatloiko Beteranoen 3. mailan eta duatloian Jose Mari Mujika zumarragarra Beteranoen 2. mailan. Zabalok ilusio bereziz jasoko du saria, orain artean beteranoen maila guztietako txapelak jantziko baititu.
60 urtetik gorakoen Euskadiko Triatloiko txapela jasoko duzu igandean, denboraldi ona egin duzun seinale.
Bai, B3 mailakoa jasoko dut, 60 urtetik gorakoena. 60 urte ditut nik. Euskal Herriko zirkuituko bost proba onenak puntuatzen dituzte eta nik lortu ditut puntu gehien. Aurretik Beteranoen 1 eta 2 mailako txapelak irabazita nituenez, aurten, 60 urtetik gorakoena ere irabazi nahi nuen.
Zein proba irabazi dituzu?
Zazpi probatan parte hartu dut eta bost irabazi ditut, bai esprintean eta bai olinpikoan: Getariakoa, Bermeokoa, Lekeitiokoa, Ondarroakoa eta Zumaiakoa irabazi ditut. Bigarrena gelditu naiz Donostian eta Deban.
Igerian, bizikletan eta korrikan egin behar izaten duzue. Zeintzuk izaten dira neurriak?
Olinpikoan, igerian 1.500 metro, bizikletan 40 kilometro eta korrika 20 kilometro egin behar izaten ditugu. Esprintean, erdia.
Zertan moldatzen zara on-doen?
Igerian eta korrika. Bizikletan berandu hasi nintzen. Baina batez besteko orekatua daukat. Ez naiz batean edo bestean nabarmentzen, antzera ibiltzen naiz denean.
B1 eta B2 mailak ere irabaziak dituzula diozu. Noiztik zabiltza triatloian?
1989tik nabil. Datorren denboraldia 28.a izango da. 28 urte daramatzat triatloian federatuta.
Triatloian Ironmana izaten da probarik gorena. Egin al duzu sekula Ironmanik?
Ez! Nik gehiena erdikoa egin dut; Euskal Herriko probak bakarrik egiten ditut. Ironmana egiteko denbora asko eskaini behar zaio. Triatloian hainbeste urtean aritu banaiz, inoiz gehiegikeriarik egin ez dudalako da. Entrenatzeko denbora aldetik ondo moldatzen naiz. Baina egia esanda, gero eta gehiago kostatzen zait, neguan batez ere. Gorputza ere ez da lehengoa. Lehen lehenago errekuperatzen nintzen.
Maila horretan ibiltzeko, ordea, dezente entrenatu egin beharko da.
Azkenean, ez dut entrenatzen lehiatzeko; entrenatzean gustura sentitzea bilatzen dut. Beti esaten dut, aurten zazpi triatloietan parte hartu dut, baina 300 egunetan entrenatu dut. 300 egun horietan sentitu behar zara gustura, bestela kirola egiteak ez du merezi. Kirolean ez baduzu gozatzen, ez zaude gustura. Parte gehigarria badu kirolak, lehiakortasuna. Lehia gustatzen zaigu, eta zortea dugu irabazteko, edo irabazteko borroka egiteko. Aurten bezala, B3-a irabaztera joan naiz eta ondo atera da. Beteranoetan dena irabazi dut; ia lasterketa guztiak irabaziko nituen.
Noiz izaten da triatloi denboraldia?
Apirilaren bukaeratik irail bu-kaerara arte. Azkenean nahiko luzea da; lau hilabetetan konzentrazioa mantentzea, zaintzea… eskatzen du. Bestela ezin da lau hilabetan lehiatu. Lasterketak leher eginda uzten zaitu. Lasterketan dena ematen duzu, beste intentsitate bat da, ezin zara despistatu. Eta lasterketa bat irabaztera joanez gero ere, ezberdina da; irabaztera joateak plus bat suposatzen du, tentsio gehigarri bat. Aurten lehia izan dut beste batekin. Beste bat oso gertuan izan dut.
Dena den, horrelako sariek aurrera jarraitzeko ere indarra emango dute ezta?
Bai, B1 eta B2 mailakoak irabazita nituenez, ilusioa egiten zidan B3 mailako txapela ere janztea. Hala ere, guk buruan ez dugu irabaztea bakarrik, ondo lehiatzea bilatzen dugu. Ondo lehiatzeak esan nahi du lasterketaren barruan ondo aritzea, atze- atzean ez ibiltzea. Oraindik erdi parean ibiltzen naiz, lasterketan nago oraindik.
Trigoi taldekoa zara. Zer moduz dago taldea? Goierriko belaunaldi desberdineko kirolariak elkartzen ditu Trigoik.
Iazko denboraldian 33 fitxa izan genituen; beti 25 eta 35 artean ibili izan gara. Trigoik meritu handia du; 29 urte daramatza Trigoik, eta era horretako talde bat mantentzeak meritu handia dauka. Gauza guztiek bezala, gora beherak izan ditu taldeak, batzuetan oso ondo ibili da eta beste batzuetan okerrago. Baina mantendu egiten da. Hori bai, momentu honetan neskarik ez dugu taldean.