Aralarko ganaduzaleek beraien lana gizarteratzeko festa egin dute Zaldibian
Aralarko abeltzainek antolatuta, festa jendetsua egiten ari dira gaur Zaldibian. Aralar denon ondare lemapean, artzainek eta ganaduzaleek beraien lana gizarteratu nahi izan dute. Eguerdi partean hasita, ardi, ahuntz, behi, idi eta txerriak jarri dituzte ikusgai Zaldibiako plazan. Artzain eta ganaduzale ugari eta sektoreko aurpegi ezagunak bildu dira plazaren bueltan.
Trikitilarien doinuekin eta adarra jota hasi dute ekitaldia. Millan Telleria eta Loidisaletxe bertsolariak igo dira aurrena tranpaldora, eta errespetuaren eta elkar ulertzearen aldeko mezuak bota dituzte. Telleriak esaldi batean laburbildu du bere jarduna, “hitz egin eta konpondu ezin den gauzarik ez dago eta” esanaz.
Segidan, artzain eta nekazal sindikatuetako ordezkarien mahai-ingurua egin dute. Nekazaritza sektorea “balioan jarri” eta egiten duten lana “gizarteratu” behar dela azpimarratu dute, eta baserritarren eta kaletarren arteko geizki ulertuak ekidite aldera, “zubiak eraiki” behar direla. Horrekin batera, artzainen lana aldarrikatu eta “lan baldintza duinak” eskatu dituzte. Hala esan du Ipar Euskal Herritik etorri den Panpi Sainte Marie, ELBko idazkari nagusiak: “Kaletarrekin banaketa bat bada, baina zubiak eraiki behar ditugu, gure aliatuak direlako eta ez etsaiak; azken batean, haiek dira gure bezeroak eta ekonomia sustengarri bat izateko beharrezkoak ditugu”.
Aritz Ganboa artzain nafarrak ere “gogoeta” behar dela azaldu du. “Ez dugu ahaztu behar egunean gutxienez hiru aldiz behar ditugula nekazariak, eta ez dugu sektore bezala merezi dugun errekonozimendurik”. Josu Oiartzabal Enirio-Aralarren ibiltzen da artzain lanetan; hark ere askotan artzainei “bukolikoki” begiratzen zaiela azaldu du, “galtzear dagoen zerbait balitz bezala”. Baina “jendeari adierazi behar zaio naturaren zaintzan egiten dugun lana, bai goi mendietan, baina baita herrietako larreetan eta paisaian ere”. Horregatik, kaleko jendeari, “elkarlan batean, gure egitekoa beharrezkoa” dela azaldu behar zaiela uste du.
Nekazal sindikatuen partetik ere, antzeko mezuak entzun dira gaur Zaldibian. Enba sindikatuko Iñaki Goenagak, “baserritarrak eta gizartea gero eta urrutiago” daudela eta “elkarri gero eta errespetu gutxiago” diotela azaldu du. “Mendira joanda denok ikusten ditugu inguruan zein larre eta leku politak ditugun, baina hori ez da berez etortzen, atzetik lan bat dago”. Hala, Aralarren ere “artzainik ez balego, dena sasiak eta zikinak” hartuko lukeela uste du. Nekazari eta abeltzainen lan baldintzak ere gogoan izan ditu: “Gizarte guztia aurrera doan bezala, guk ere aurrerapena behar dugu, ezin dugu duela 60 urte bezala lan egin, guk ere bizimodu duin bat nahi dugu”.
Bere aldetik, EHNE sindikatuko Garikoitz Nazabalek “kohesio sozial bat” eta nekazarien eta kaletarren arteko “errespetua” behar dela azaldu du. Elikadura burujabetza denon ahotan dagoela azaldu du, baina askotan “marka bezala” erabiltzen dela, “batere edukirik eman gabe”. Hala, kontzeptu horren inguruan “gogoeta serio bat” eskatu du; “elikadura burujabetzaren bidean zerbait behar bada, baserritarrak behar dira, Euskal Herri osoan banatuta, eta ez toki jakinetan zentralizatuta”. Ereduaren inguruko eztabaidan, Sorian egin nahi duten 20.000 esne behiko haztegia ekarri du gogora, “esnegintza sektore osoa kolokan” jarriko duena. Eredu horren ordez, “hemen familia eredu bat” behar dela uste du, “tokiko agenteekin elkarlanean” aurrera eramango dena.
Hitzaldien ondoren, bertako behi haragia eta gazta pintxoak dastatzeko aukera izan da, sagardo kupelak lagunduta.