Otsailaren 4an izango da lehenengo garaiko produktuen azoka Loinazko San Martin plaza azpian. Ekintza osagarriak antolatu dituzte. Igandean, berriz, Odolkiaren Kofradiak 32. bilkura du
Julio Escalante, Josetxo Mendia, Enkarni Arrieta eta Ane Egurtza.
Asteburu bete-betea izango da datorrena Beasainen. Batetik, azoka eta lehenengo sektorea indartzeko helburuarekin, aurrerantzean hilabeteko lehenengo larunbatetan egingo den lehenengo azoka eguna izango. Bestetik, igandean, ohi bezala, Loinazko San Martin egunean, Odolki Kofradiak 32. bilkura egingo du.
Beasaingo Udalak baserritarren azoka biziberritzeko planaren barruan kokatzen du larunbateko azoka. Izan ere, astearteko azokan parte hartzen duten ekoizle zein erosleak, oro har, helduak dira eta gazte gutxi hurbiltzen dira azokara, hori dela eta, gertuko etorkizuna ez da oso itxaropentsua». Horrekin batera, baserritarren lana eta produktuak ere balioan jarri nahi dira, «astearteko azokara hurbildu ezin duten bezeroak eta bezero gazteak erakartzeko».
Elikadura subirautzaren aldeko aldeko apustua egitea, baserritarrek paisaiaren mantentzean egiten duten lana ikusaraztea, eta bertako baserritarren eta sukaldarien harremanak sustatzea ere baditu helburu. Astearteetako azokako bost ekoizlerekin batera, beste zazpi gehiago ere izango dira larunbateetako azokan: barazkiak, eztia, harategiko produktuak, gazta, ogia, loreak eta kontserbak salduko dituzte. Lehenengoan, guztira, 21 izango dira.
Larunbatetako azoka 10:00etatik 13:30-14:00ak aldera arte izango da Loinazko San Martin plaza azpian. Larunbatekoa lehenengoa delako eta Loinazko San Martin egunaren bezpera izanda, egun osoko egitaraua prestatu dute.
Garaikoa eta bertakoa
Jendartea ere sentsibilizatu nahi dute azokarekin, garaian garaiko eta bertako produktuak kontsumitzearen garrantziaz. Helburu horretarako, telefono mugikorretarako Garaikoa App-a sortu dute, garaian garaiko produktuak zeintzuk diren azalduz eta produktu horiekin osatutako errezetekin. Aurrerago, liburuxka batean biltzeko asmoa ere azaldu dute. Azokan bertan, Baratzeko estreinaldi handia panela ere jarriko dute; Josetxo Mendiak du panelaren ardura. Azokan erosketak egiten dituztenei, mahai zapiak banatuko zaizkie; eta bertan ikus daiteke zeintzuk diren garaiko produktuak. Horrekin batera, hilero-hilero, produktu bat izango da protagonista eta produktu horren inguruko dastaketa, tailerrak, hitzaldiak… egingo dituzte. Bertako ostalariek ere parte hartuko dute egitasmo berrian, bertako produktuak azokan erosi eta azokan bertan prestatuko hainbat plater.
Igandean, odolkia
Otsailaren 5a, igandea, Loinazko San Martin eguna, Beasaingo zaindariaren eguna, ere jai egun betea izango da Beasainen, Odolkiaren Kofradiak 32. Kapitulua ospatuko baitu. Julio Escalante kofradiakideak aurreratu duenez, kofradia kopuruan errekorra jarriko dute: 22 etorriko dira; horietatik lau berriak.
Odolkiaren Ohorezko Kofradiakide berriak izendatzeko eguna ere izaten da. Aurten, Beasaingo Odol Emaileen elkartea eta Zaporeak proiektua izendatuko dituzte. Greziako Quios irlan errefuxiatuentzako otorduak prestatzen dituen taldea da Zaporeak.
Urteroko bazkaria, RK jatetxean egingo dute aurten, «Iban Matek Beasaingo odolki defendatzen ari denetako bat delako».
Egitaraua
Larunbatean
- 10:00. Garaiko produktuen azoka.
- 11:00. Bola jokoa udaletxeko arkupeetan.
- 11:30. Baratza didaktikoa tailerra.
- 12:00. Pintxo lehiaketa.
- 12:10. Ekitaldiaren irekiera Ostadar dantza taldearen eskutik.
- 13:10. Goierriko Bertso Eskolako bertsolarien emanaldia.
- 13:00. Musika eskolako trikitilarien eta pandero joleen emanaldia.
- 17:00. Azoka gastronomikoa.
- 17:00. Pintxo lehiaketa.
- 17:30. Musika kontzertua.
- 20:00. Loinatz abesbatza.
Igandean
- 09:30ean. Goizeresi Txistulari Taldearen eta Musika Eskolako banda eta txistularien diana.
- 09:30. Kofradien harrera eta bilkura. Ongi etorria ahogozagarriekin, Dolarea jatetxean.
- 10:20. Kofradien desfilea, Igartzatik irtenda. Loinazko San Martinen estatuara iritsi eta lore eskaintza egingo dute. Ondoren, ohorezko aurreskua dantzatuko dute.
- 11:00. Meza Nagusia Andre Mari Zeruraturaren Parroki Elizan.
- 12:00. Musika Eskolako Bandaraen emanaldia.
- 12:00. Kofradiaren XXXII. Kapituluaren ospakizuna eta Ohorezko Kofradiakideen izendapena: Odol emaileak eta Zaporeak.
- 12:15. Odolki dastatze herrikoia Zubimuzu plazan.
- 14:30. Adiskidetasun bazkaria RK jatetxean.
- 17:30-19:00. Pilota partidak Gernika pasealekuan.
- 18:00-21:00. Herriko kaleetan zehar musika kalejira Bentazaharreko mutiko alaia taldearekin.