Zeraindarrak lehendakari
Abenduko batzar nagusian lehendakari aldaketa gauzatu zen Gipuzkoako Bola eta Toka Federazioan. 2000tik kargua izan duen Luis Aizpeolea zeraindarrak utzi, eta Zeraingo beste ...
Abenduko batzar nagusian lehendakari aldaketa gauzatu zen Gipuzkoako Bola eta Toka Federazioan. 2000tik kargua izan duen Luis Aizpeolea zeraindarrak utzi, eta Zeraingo beste bolari batek hartu dio lekukoa: Garbiñe Alustizak. Lehenengo emakumezkoa da, bai lehendakaritzan, bai federazioaren zuzendaritza taldean.
Lau urterako agintaldia izango du Alustizak. Hautagaitza adostua izan da, eta «ekipoa» eginda dagoenez, kargu hartzea bakarrik dela nobedade dio. Zuzendaritza taldea 9 lagunek osatuko dute. Alustiza lehendakariaz gain, beste hiru goierritar daude: Jokin Izagirre segurarra eta Itoitz Alustiza zeraindarra (Eskola Kiroleko arduradunak), eta Iñaki Maiz gabiriarra (bolako aholkularia).
Ia 500 kirolariko federazioa gidatuko du zeraindarrak. «480 fitxa daude, eta beti sortzen dira gauzak. Hilean behin egiten dugu bilera, sortzen diren arazoez aritzeko», dio Aizpeoleak. Federazioak 14.000 euroko diru ekarpena jasotzen du diputaziotik. Ez dauka langilerik, eta zuzendaritzako kide guztiak boluntarioak dira.
Bolatoki modalitatea (Goierrin jokatzen dena) eta hiru txirlo (Deba ibarrean) barneratzen dira Gipuzkoako federazioan. Duela hiruzpalau urte arte calva deritzona ere bazen, Lasarte-Oriako 30 bat bolarik —adinekoak denak— mantendua.
Lehentasuna, bolatokiek
Bilera bakarra eta foru aldundian Kirol zuzendari politikoekin aurkezpena egiteko astia izan du, doi-doi, Alustizak. Baina garbi du zeri helduko dion, lehenengo: «Erronka bolatokiak berritzea da. Zaharrak dira asko. Nahiz eta berritu, irekiak dira zenbait. Zeraingoa, adibidez, oso polita eta txukuna dago, baina hotzak ikaragarriak pasatzen dira. Lehentasuna, falta diren bolatokiak nolabait ixtea eskatzea da».
Aldundian «aurrerabide handirik ez» diete eman, aparte diru sailik ezin delako bideratu bolatokientzat, bereziki. «Kirol instalazioak berritzeko deialdira aurkezteko esan digute, ateratzen denean».
Aizpeolearen aroan, hainbat bolatoki berri egin dira: Bergaran, Azkoitian, Zarautzen, Azpeitian… Eta afizioa berpizten ari da, Zarautzen eta Villabonan nabarmen, baita Goierrin Zerainen edo Gabirian ere. «Federatuak bastante egongo dira, nahiz gero gutxi ibili. Gabirian 25 bat, Zerainen 10, Seguran beste 10 bat, Idiazabalen… Mutiloan ere ateratzen dituzte urtero sei fitxa», dio Aizpeoleak.
Hain justu, bola denboraldi ofiziala urtarriletik ekainera izan ohi da. Eta urteko lehen txapelketan, taldekakoan, aspaldian ikusi gabeko partaidetza izan du bolateak: Mutiloan 98 bolari, Lasarten 99. «Oso gustura gaude parte-hartzearekin. Azken urteetan asko igo da. Emakume batzuk hasi gara, senar-emazte bikoteak… Ahoz aho, ingurukoak eta lagunak animatzea da gakoa, eta giroa sortzea. Pixkaka-pixkaka, gorantz doa bola», dio Alustizak.
Eskoletan ere lanean
Eskola Kirolean sartuta dago bola. Bolatokiak dituzten herrietan, monitoreak hara joaten dira eskola-umeekin. Ez daudenetan, bolatoki eramangarria muntatzen dute. Federazioak duela urte gutxi eginarazi zuen. «Arrakasta eduki du. Batetik bestera erabiltzen da. Leku askotan egoten da», dio Aizpeoleak. «Tolosan, iaz, astebete egon zen eskola batean, eta egunero ordu guztiak beteta eduki genuen. Gero, egia da, haurrek bolarekin jarraipena izatea zaila da», dio Alustizak.
Sagardogile Elkartearekin ere hitzarmena dute, eta sariak jartzen dizkie. Trukean, bolatokia ipintzen dute sagardo festetan. Ziria eta bola, berriz batera.
Urte gutxian emakume kopuru aipagarria federatu da bolatean
Aurten 20 emakumezkok dute Gipuzkoan bolari fitxa federatua. Guztizkoaren %4 dira, ozta-ozta. Baina bilakaera da garrantzitsua:?orain dela urte gutxi inor ez zegoen. Bolari familiakoa da Garbiñe Alustiza bera: Antonio aita zena eta Endika anaia zena bolariak ziren, eta etxean betidanik ezagutu du bolatokiko giroa. «Baina beti gizonezkoen kirol bezala ikusi izan genuen. Lehenago, pentsatu ere ez genuen egiten emakumeak bolan ibili behar genuenik. Gizonezkoen kirola zen», aitortu du Alustizak.
Duela hamar-bat urte, Zeraingo sei emakume Antonio Alustizarekin hasi ziren, ikasten. «Ez ginen lehenengoak, Ategorrietako eta Herrerako emakumeak hasi ziren». Taldekakoan seina bolariko bi talde osatu dituzte emakumeek, azken bi urteetan. Hiru lehiaketa irabazi dituzte, absolutuan: Aitziber Makazaga zeraindarrak Legazpin, eta Naiara Peñagarikano gabiriarrak Aztirian eta Mutiloan.
Bi goierritar Venezuelan bolatan, euskaldunek eraman eta 500 urtera
Lehendakari egon den 16 urteetan lanetik eta mikatzetik gehiago izan du Luis Aizpeoleak. «Zortzi urtean ia bakarrik aritu nintzen, gainera», gogoratu du. Baina gozoki gogoangarriak ere eman dizkio esperientzi horrek. 2002an Amerikara egin zuten bidaia, adibidez, bolaren aitzakian. Venezuelan, Piñango herrian jokatu zuten, Caracastik gertu. Hamar bolari joan ziren, tartean Aizpeolea eta Antonio Agirre segurarra.
«Hemengo bi ingeniari Venezuelan egonda zeuden, eta joan behar genuela esaten ziguten. Hiru txirloko bola modalitatea zegoen Piñango herrian. Hango historian jartzen zuen 1516rako jada bola eraman zutela euskaldunek hara».
Txapelketa euskaldunek irabazi zuten. Txapelak eurekin eramanak zituzten. Aizpeoleari, gainera, bolari onenaren saria ere eman zioten, eta etxean dauka gordeta. «Mirari bat bezalako jokaldia egin nuen. Hemen 9koa botatzea bezala. Halakorik ez zutela aspaldian ikusi esaten zuten hangoek. Berriaren zortea».