Oianguko altxorrak
Oiangu parkea Ordiziako hegoaldean dago, itsasoaren mailatik 240 bat metrora. Parke publikoa da, eta herritarrei naturaz inguratutako aisialdirako gune bat eskaintzea ...
Oiangu parkea Ordiziako hegoaldean dago, itsasoaren mailatik 240 bat metrora. Parke publikoa da, eta herritarrei naturaz inguratutako aisialdirako gune bat eskaintzea da bere helburua. Parke zabal eta berde honek naturaren elementu ezberdinak ikusteko aukera eskaintzen du: larreak, basoak, putzuak, zuhaitzak… Horiei guztiei esker, animalia eta landare espezie asko bizi dira bertan, Oiangu Ordiziako naturaren gordeleku bilakatuz, Ordiziako altxor naturala, hain zuzen.
Horren erakusle da, adibidez, Ordiziako udalak Aranzadi Zientzia elkartearen eskutik pasa den abenduan argitaratu zuen Oianguko zuhaitz eta zuhaixken gida. Yoana Garcia Aranzadi Zientzia elkarteko Botanika saileko kideak esan duenez, Oiangun Euskal Herriko baso gehienetan topa daitezkeen espezie arruntenak aurkitu daitezke. Espezie horiek bildu eta gida honetan sartu dituzte; «batetik, ingurumenarekiko sentsibilizazioa bultzatzeko; eta bestetik, herritarrei bertako ondare naturala ezagutzera emateko».
Gida horretan 26 espezie katalogatu dituzte. Baina horrek ez du esan nahi Oiangun horiek bakarrik aurkitu daitezkeenik, «egon, gehiago baitaude, baina arruntenak sailkatzen saiatu gara». Gida honek Oiangu hartu du oinarri, «baina Euskal Herriko beste edozein basoetan erabili ahal izateko balio du». Izan ere, liburuxka publiko zabal batengan pentsatuz egin da, «era sinplean egiten saiatu gara, azken batean, helburua zabalkundea delako». Horregatik, batez ere «haurrei eta gazteenei erakargarri egiteko» ahalegina egin dute.
Zuhaitzak eta zuhaixkak
Gida honek Oiangun ikus daitezkeen zurezko landareak aurkezten ditu era erraz eta didaktiko batean. Bi multzo handitan banatu dituzte guztiak: zuhaitzak eta zuhaixkak. Bien arteko ezberdintasunen gainean galdetuta, Garciak esan du ez dagoela ildo jakinik, baina batzuk aipatzearren «tamainak eta eiteak edo formak» ezberdintzen dituela bata eta bestea. «Zuhaitz ohikoenak pagoa edo haritza izan daitezke. Eiteari begiratuta enborra dute elementu adierazgarriena; eta gero, altuera jakin batetik aurrera hazten zaizkie adarrak».
Zuhaixken kasuan forma hori ez da hain argia, enborra eduki badute, baina orokorrean txikiagoa. «Zuhaixken kasuan adarkadura da elementu nagusiena», dio. Dena den, espezietik espeziera badaude aldeak, «tamainaz berezkoa baina handiago izan daitezkeen zuhaixkak egon badaude, adibidez. Kasu hauetan zenbait lekutan zuhaitz bezala katalogatzen dira, eta beste batzuetan zuhaixka modura». Oiangun eta Euskal Herriko baso gehienetan «gorostia, elorri txikia eta erratza dira arruntenak hauen artean».
Landareak arretaz egindako ilustrazioen bitartez erakusten ditu gidak. Baina irudiez gain, bestelako informazioa ere gehitu da irakurleentzako interesgarria izan daitekeelakoan: izen zientifikoa, izen arrunta hizkuntza ezberdinetan, loraldi garaia, tamaina eta Euskal Herriko zein eremutan banatzen den batez ere, aipatutako espezie bakoitza.
Harrera «ona»
Hizkuntza ezberdinak erabiltzeari garrantzia berezia eman dio Garciak. «Espainian hitz egiten diren hizkuntza nagusienetara itzuli dira espezieen izenak», esan du. Euskarari eman zaio noski lehentasuna, baina euskarazko izenekin batera agertzen dira katalanera, galizierara, gaztelaniara edo frantsesera egindako itzulpenak ere. Batez ere, «kanpotik Oiangura etorri daitezkeen bisitari horiengan pentsatuz».
Oianguk badu berezia egiten duen zerbait, «landa eremu, lorategi eta basoaren arteko nahasketa bat» baita. Lorategi kutsua ere badauka, «bere garaian lorategietan propio landatzen ziren hainbat espezie landatu baitziren bertan». Gidan espezie horietako bi sartu dituzte, «magnolia eta zume negartia».
Oianguko zuhaitz eta zuhaixken gida dagoeneko eskuragarri dago doan Aranzadi Zientzia elkartean, Ordiziako udal liburutegian, udaletxean, D´Elikatuz zentroan eta Oiangu baserrian. Garciak dioenez harrera ona izan du, eskura egon den lekuetan «segituan» amaitu baitira.
Ordiziako Udalaren eta Aranzadiren arteko lankidetza hitzarmena
Ordiziako Udalak eta Aranzadi Zientzia elkarteak bost urterako lankidetza hitzarmena sinatu zuten 2014an, «Oiangu parkeko balio naturalak indartzeko eta bertako ondarea herritarrei ezagutarazteko». Lankidetza hitzarmen horren ondorioetako bat da, hain zuzen, Oianguko zuhaitz eta zuhaixken gida. Baina baditu aurrekariak.
2013an Oiangu parkeko azterketa naturalistikoa egitea erabaki zuen udalak. Aranzadik burutu zuen lan hau. Azterketa horretan ondare naturalaren aldagai ezberdinak ikertu ziren: habitatak, fauna eta flora espezie bereziak eta paisaia. Lan hori eginda, ondare kulturala era egokian kudeatzeko kudeaketa-plana gauzatu zen. Ordutik, ekintza ezberdinak garatzen dira Oiangun, bertako ondarea ezagutarazi eta zabalkundea egiteko.