Ataungo errotatxoa berritu dute
San Gregorioko Larruntza guneko errota txikiaren ibai aldeko horma konpondu dute, eta turtukietara jaisteko eskailerak eta eskulekuak eraiki. Igande goizean inauguratuko dituzte.
Ataungo San Gregorio auzoan, Barandiaran Museoaren egoitzaren ondoan dago errotatxoa. Agauntza errekaren alboan, haren urek mugiarazita, bi turtukik edo turbinak ematen diote indarra gune hidraulikoari. Alea ehotzeko errotaren bihotza da turtuki bat, eta 1900ean eraikitako zerrategiaren motorea bestea.
2010ean berreskuratu zituzten, eta auzolanean martxan jarri zituzten, bai zerrategia, bai errotatxoa. Harrezkero izan diren erasan batzuk konpontzeko eta irisgarritasun aldetik hobetzeko, berrikuntza batzuk egin dituzte orain.
Batetik, zerrategiaren eraikinaren kanpoko horma berritu dute, erreka aldekoa. Harri ar-teak garbitu, atzera argamasaz hartu eta sendotu dute pareta.
Bestetik, errotatxoaren turtukietara jaisteko irispidea hobetu dute. Zementuz eskailerak eraiki dituzte, lehengo harlauzazko mailak labainkorrak eta arriskutsuegiak zirelako. Esku-lekua kokatuko diote, bi aldeetara.
Igandean inaugurazioa
«Kontuan izan behar da haur talde asko etortzen direla errotatxoa ikustera, eta lehen arriskutsu zegoen atzeko jaitsiera hori», esan du errotaren berreskurapenean eta berrikuntza lanean hasieratik dabilen Joxe Bikuñak.
Udalaren bidez eskaria egin, eta aldundiaren diru laguntza batekin finantzatu dituzte obrak, 9.000 euro pasatxorekin. Duela hiru urte, errekan murgilduta moto-punpa bat ere jarri zuten, uda garaian aldaparoa lehortzen zelako. Errotatxoaren zurezko hormak ere margotu dituzte, pipiaren aurka, gasolio-olio nahasketarekin.
Igandean 11:30ean inaugurazio ekitalditxo bat egingo dute, errotatxoan. Martxan jarri, berrikuntzak erakutsi eta mokadua aterako dute: ogia, gazta eta ardoa, «antzina udalak auzolanetan jartzen zuen bezala».
Historia handiko errotaren alboan ola bat ere bazen
Ataungo Larruntza errota nagusiak 600 urtetik gora ditu. Ataungo unibertsitateak eta Lazkaoko jaun Juan Lopezek erdibana eraikitzea adostu zuten, 1408an. Errota eta ola bana jarri zituzten, San Gregorio elizaren errekaz beste aldera.
Garai berean, San Martin auzoan Elizalde errota ere eraiki zuten. Larruntzako olara mea Iturriotz azpiko Askarate parajetik eramaten zuten. Oraindik eskoria-koskoak han dira. Olak 160 urte iraun zuen, erre eta suntsitu zen arte. XVIII. mendean, Ola etxea eraiki zuten, leku berean.
Errotatxoa, Larruntza baino beheraxeago dagoena, XVII. mendean eraikia da. Lazkaoko jaunak erroten gainean zeukan monopolioa hausteko egin zen. Hura ere bi harrikoa zen, Larruntza bezala.
XIX. mendearen bukaeran, Martin Garaialdek txokolate fabrika jarri zuen errotatxoan, harri bat kakaoa ehotzeko aldatuta. 1900ean zerrategi hidraulikoa ere muntatu zuen Turtuki berria jarri zuen. Jatorrizko turtukiak 2010ean berreskuratu zituzten, aldame-nean utzita baitzeuden.
Zerrategiaren azken ustiatzailea Jose Etxeberria izan zen, eta harekin lanean azkena Jose Joakin Irizar lazkaotar arotza aritu zen. 1970 aldera arte egon zen martxan. Irizar azken langilea igandean inauguraziora joatekoa da.
Errotei dagokienez, Larruntza errota 1954 arte aritu zen lanean. Errotatxoa 1963an geratu zuten; urte berera arte eduki zuten martxan San Martingo Elizalde errota ere.
XVIII. mendearen bukaeran eta XIX.aren hasieran, erroten monopolioen araua bertan behera geratu zenean, Ataunen hamar errota jarri zituzten. San Martinen, Aitzarte errekatxoan —Arratetan behera dator, domotik—, esate baterako, lau egon ziren martxan: Arrateta, Dostollo-errota, Imatzene eta Ustatxo.
Larruntza errota eta errota-zerrategi hidraulikoa 1998an erosi zituen Ataungo Udalak. Barandiaran Museoa 2010ean muntatu zuten, Gipuzkoako Parketxe Sareak kudeatzeko.
Errotatxoa ataundar askok ez dutela ezagutzen eta, igandean joateko esan diete hura zaintzen duten herritarrek. Azalpenak emango dituzte.













