Gurutze Gorriak Goierri garaiko herrietan mugikortasun arazoak dituzten pertsonak garraiatuko dituen ibilgailu berria aurkeztu du. Eskaria handituz doala diote

Sei lagun jarrita eta bi gurpil-aulki har ditzake Gurutze Gorriak aurkeztu berri duen ibilgailu berriak. Mugikortasun arazoak dituzten pertsonei zerbitzua emateko erabiliko dute. Ibilgailu berriarekin zortzi dira erakundeak Goierri garaian dituen egokitutako ibilgailuak. Miren Maite Ruiz, bailarako Gurutze Gorriko kidearen esanetan, «ibilgailuak berritzeko premiari erantzuten dio furgoneta berriak, baita gora doan eskariari ere».
Egunero-egunero 115 bat lagunei ematen diete zerbitzua. 3 urteko haurretatik hasi eta adinekoenak ere dagokien lekura eramaten dituzte furgoneta horietan: Eguneko zentrora, Aspacera, Gautenara, Iparragirre institutura… Gurutze Gorriak aurkeztu duen furgoneta txangoetarako, irteera berezietarako, jubilatuen bazkarietarako edota hauteskundeetarako erabiliko dute, besteak beste. «Mugikortasun arazoak dituztenek ez daukate hainbat lekutara bere kabuz joateko aukera», azaldu du Miren Maite Ruizek.

Furgoneta Gurutze Gorriak erosi du. Bazkideen ekarpenekin, loteriaren salmentarekin eta beste zenbait diru-sarrerekin finantzatu du erakundeak furgoneta berriaren erosketa. Goierri garaiko udalek proiektu zehatzetarako laguntzak ematen dizkietela adierazi du Ruizek.
Eguneroko garraioak kontratatutako langileek egiten dituzte eta ekintza zehatzetan boluntarioek egiten dute lan. Gaur-gaurkoz 70 bat boluntario ditu Gurutze Gorriak Goierri garaian, «ez da gutxi», gehitu du Ruizek. Edonola ere, «zerbitzuen eskaria gora doa eta boluntario kopurua ez da proportzio berean igotzen».
42 urtez Goierri garaian
Ruizek Urretxuko Eguneko zentroa Gipuzkoan ireki zen lehenengotarikoa dela dio, «1994. urtean izan zela uste dut, orduan hasi ginen egokitutako garraio zerbitzua eskaintzen».
Gurutze Gorriak beste alor batzuk jorratzen ditu Goierri garaian, hala nola: Lanbiderekin hitzarmena duen prestakuntza saila dute eta bertan ikastaroak eskaintzen dituzte; Pineo proiektua martxan dute, gaztetxoentzako jarduerak antolatzen dituzte eta honezkero 30 bat gaztek parte hartzen ari dira egiten dituzten jardueretan.