Guria enpresako kaleratzeak eta "errepresio sindikala" salatu ditu CCOOk
CCOO sindikatuak Atenciones Metalúrgicas Guria enpresan izandako kaleratzeak salatzeko protesta egin du gaur. Eguerdian, Irizar lantegiaren parean bildu dira, eta handik, Guria enpresak Beasainen eta Idiazabalen dituen lantegietara joan dira. Kaleratzeez gain, enpresako arduradunek langileei egiten dieten “errepresio sindikala” ere salatu du sindikatuak.
Gertakariak urtarrilaren 25ekoak dira. CCOOren arabera, Guria enpresak langile bat kaleratu zuen, ordu batzuk lehenago “apirileko Hauteskunde sindikaletarako CCOOren zerrendaburu moduan sinatu eta gero”. Zerrenda hura sinatzen ari zen bitartean, enpresako arduradun batek ikusi zuela azaldu du sindikatuak, eta ondoren etorri zela kaleratzeko erabakia. Langile hori, 2016ko urritik kontratu finkoarekin ari zela ere zehaztu dute.
Enpresako arduradunei azalpenak eskatu dizkiete langileen ordezkariek, eta honek, kaleratzearen arrazoia beraien bezero nagusia den Irizar autobus konpainiak lan bolumena jaitsi izana dela azaldu zien, eta ez duela zer ikusirik gai sindikalekin. Langileak jaso duen kaleratze gutunak ordea, “ez du islatzen kaleratze arrazoia ekoizpen faltagatik” denik; CCOOren arabera, “azkar” egindako gutuna da eta ez du 15 eguneko aurre jakinarazpena errespetatzen. Kaleratze horren biharamunean, zuzendaritzatik beste bi langileri iritsi zitzaien kaleratze gutuna, “lan kargaren ustezko murrizketa” argudiatuta.
CCOOk ez du sinisten lan karga hainbeste jetsi denik, eta pasa den larunbatean ere, “ia larunbatero moduan”, aparteko orduak sartu zituztela gogorarazi du. Aparteko orduak egitea “ohikoa” eta langile batzuentzat “derrigorrezkoa” dela salatu du sindikatuak, eta “askotan lanaldia 12 orduak pasatzera” iristen dela.
Horren aurrean, “errepresio sindikala” bukatu dezala eta kaleratutako langileak berriz onartu ditzala eskatu diote Guria enpresako zuzendaritzari.