Antzizar kiroldegian 19:00etan da saioa. Arria V.ak eta Otaegik, Irazu eta Mindegia izango dituzte aurkari. Harri jasotzen Telleria eta Eizmendi ariko dira. ETBk grabatuko du

Bihar, 19:00etan, Beasaingo Antzizar kiroldegian, Eusko Label Binakako Aizkolari Txapelketako azken kanporaketa jokatuko da.Aizkora nahiz harri jasotze saioez gozatzeko aukera izango da. Sarrerak 15 euroan eros daitezke Antzizar kiroldegian bertan; haurrentzat dohainik da. Aitor Aldasororen esanetan, «espero dugu aurreko urtean bezala, jendeak erantzutea eta giro polit bat sortzea».
Aizkoran, bi aizkolari bikote ariko dira lehian, hiru gipuzkoar eta nafar bat: Errezilgo Xabier Orbegozo Arria V.a eta Zizurkilgo Joseba Otaegi, eta Zizurkilgo Jon Irazu eta Zubietako Patxi Mindegia. 24 enbor ebaki beharko dituzte, bost izakera edo era desberdinetara.
Aurtengo txapelketan sei bikote dabiltza lehian, bi taldetan banatuta. Lehenengo fasea Beasaingo saioarekin bukatuko da, eta bertan erabakiko da bigarren faseko final erdiak zein aizkolariren artean jokatuko diren. Beasainen irabazten duen bikoteak Rekondo eta Larretxea izango ditu zain, eta galtzaileek Iker Vicente eta Ruben Saralegi, B taldeko liderrak. Egursport enpresako Luis Mari Bengoak aurkezpenean adierazi zuenez, bi bikoteei irabaztea komeni zaie Beasainen, finalerdietan aurkari samurragoak izateko.
Harri jasotzaile gazteak
Iaz ez bezala, aurten harri jasotzaile gazteen lehiaketa ere antolatu dute Eusko Label Binakako Aizkolari Txapelketaren barruan. Lau harri jasotzaile ari dira ligaxka jokatzen: Urtzi Telleria, Jagoba Otaegi, Iñigo Eizagirre eta Xabier Peñagarikano. Beasainen bihar Telleria eta Eizagirre ariko dira lehian. Ben- goaren esanetan, Telleriak irabaziz gero, «oraindik aukera izango du finalera joateko».
Euskal Telebistak grabatuko du Beasaingo saioa eta igan- dean, 16:00etan emango dute.
EGIN BEHARREKO LANA
Aizkoran
· 24 enbor, 5 eratan. Erlojuaren aurka enbor bana, zutik txanda librean, abiadura, zutik eta etzanda enbor bana eta sei enbor txanda librean ebaki beharko dituzte.
Harri jasotzen
· Lau harri. Harriko bi minutuko txandak: 125 kiloko kuadroa, 125 kiloko zilindrikoa, 113 kiloko kubikoa eta 100 kiloko bola.