«Gauzak beste modu batera egin behar ditugu, Euskal Herrian zentratu»
Enpresa munduan ibilbide oparoa bezain aipagarria egin zuen Iñaki Dorrosoro Plazaolak (San Gregorio, Ataun, 1947). Jakintza hura Eusko Ikaskuntzako lehendakaritzatik aplikatu ...
Enpresa munduan ibilbide oparoa bezain aipagarria egin zuen Iñaki Dorrosoro Plazaolak (San Gregorio, Ataun, 1947). Jakintza hura Eusko Ikaskuntzako lehendakaritzatik aplikatu nahi du, orain, Euskal Herriaren etorkizuna egituratzeko. 2018ko kongresuari begira ari da.
Gai polita atera duzu elkarrizketa hasteko: ametsak.
Amets bat eduki beharra dago bizitzan. Ametsik ez daukanak behin ere ez du ezer aurkitzen. Aukera bat sortzen denean, ametsik ez baduzu, ez zara ohartu ere egiten. Baina baldin baduzu… Bizitzan gure aurrean pasatzen dira aukerak.
Zer motatako ametsak?
Askotan, gaurko gizartean nola gauden planteamendu oso aldakorretan, amets batzuk bete, aldatu eta beste batzuetara pasatzen gara. Une batean toki batean egin genuen apustua utzi eta beste baten bila joan. Ni ez naiz horrelakoa. Funtsezko ametsak ezin dira aldatu. Bizitza-erarekin lotutakoak izan behar dute ametsek.
Zurea zein den jakin daiteke?
Ni Ataunen jaio nintzen, San Gregorioko familia klasiko batean. Zortzi anai-arreba ginen. Oso maila baxukoak ginen; aita garai haietako pertsona tipikoa, denetatik pasatutakoa: okindegiko morroi, basoan ikazkin, azkenera CAFen lorazain. Gurasoek Joxe Migel Barandiaranekin harreman handia zuten, eta miresmen ikaragarria zioten: jakintsu bezala ikusten zuten. Txikitatik, etxean zerbait jaso banuen, jakin-mina izan zen, jakiteko gogoa. Gu etxera jatera eta lo egitera bakarrik sartzen ginen, beste egun guztia herriak ematen zuen askatasunean bizi ginen: errekan, mendian… Bi horiek: jakin-mina eta naturarekiko askatasuna.
Naturarekiko ibiliak ere kuriositatea sortzen du. Konbinaketa horrekin sortu zen, gaztetatik, nire bizitzarako ametsa. Ni klima hartako semea naiz. Gero, inguruko gaiekin eta arazoekin konpromiso bat hartu genuen. Gure belaunaldian hori oso inportantea izan zen, Goierri mailan.
«Joan diren lau urteak txikiziorako izan dira; hurrenak eraikitzaileak izatea espero dut»
«Abiapuntua historiak izan behar du. Garrantzi handia ematen diot, funtsak ulertzeko»
«Guk lan tekniko bat egin eta mahai gainean jarri dugu. Hori ez da politikan sartzea»
Zer da mundua zuretzat?
Hamalau urterekin, maletatxo bat hartu, Beasaingo geltokian trenean sartu, eta Tarragonako Unibertsitate Laboralera joan nintzen ikastera, 19 urte arte. Luxua zen unibertsitate hura, Ataundik joandako batentzat. Harrigarria. Ikuspegi kosmopolita bat eman zidan hark. Jada 14 urterekin nire buruan sartu zen kontzeptu bat: Ataungo herritik edo Goierritik harago mundua askoz zabalagoa da.
Horrek izugarrizko inpaktua izan du nire izaeran. Lanean ere jorratu behar izan dut. Gaur egun, edozein gai sakontzeko, automatikoki munduaren planteamenduan jartzen naiz, eta hortik begiratzen dut beti.
Non ikasi zenuen gero?
Gobernuak Espainiako eskola-espediente onenei beka-soldata bat ematen zien. Horietako bat ni izan nintzen. Gurasoei urtean 120.000 pezeta eman zizkien, nik goi mailako ingeniaritza egin nezan. Bilbon ikasi nuen, beste bost urte. Aita zenak jakin-min hura muturrera eraman zuen: saiatu zen senide denok unibertsitatera bidaltzen. Zortzitik sei joan ginen, beka bitartez dena.
Baina zuk ere ondo baliatu zenuen, gazte txoriburu izan zintezkeenean, etxetik kanpora…
Bai. Baina esan dizudan jakin-min hori etxetik ja baneraman. Eta horrek gidatzen du bat.
Ingeniari egin, eta lanera. Non?
1973an bukatu nuen. Ampo eta kooperatiba hauek 1964 inguruan sortu zituzten. Bazegoen langile jendea tailer mekanikoetan balio handikoa, ofizialak eta maisuak. Unibertsitatera joan gabeko jendea zen, baina tailerreko ofizioa oso ondo maneiatzen zutenak. Baina ingeniaririk ez zegoen. Poyam-en negozio edo produktu berri bat aurrera eramatekotan zebiltzan, eta harremana banuenez nire osaba zen Beasaingo parroko Segundo Dorronsororen bitartez, lana eskaini zidaten. Oso pozik, bokazioz hasi nuen.
Kooperatiban hasieratik beraz?
Garai hartan, kooperatiba enpresaren printzipioak eta filosofia txarretan onena iruditzen zitzaidan, kapitalismoaren barruan. Ordurako jada nahiko gorriak ginen. Halaxe sartu nintzen, eta ez naiz behin ere damutu erabakiaz. Poyamen 10 urte egin nituen, negozio berriak jartzen, balbulagintza bereziarekin eta.
Arrakasta lortu genuen; nik uste, Ampo aurrera atera dela une hartan aktibitate hori bultzatu zelako. Zeren orduan fundizioa bikain zihoan, baina gero behera joan da. Hamar urte horietan ikasi nuen enpresa arloan ikasi dudan ia guztia. Munduan bueltaka ibiltzea tokatu zitzaigun, eta kemena jarri beharra. Baina aurrera atera zen.
Arrasatera iritsi zinen, kooperatibismoaren sehaskara.
Joxe Mari Ormaetxeak eskatuta joan nintzen. Bost urte lan egin nuen harekin, zorte hori eduki nuen. Arizmendiarrieta esaten da beti —nik ez diot ezer kenduko—, baina Ormaetxea biografia bat edo zerbait merezi duen figura da. Nik ezagutu dudan Euskal Herriko pertsonaia potenteenetakoa: ez pentsalari bezala bakarrik, ekintza gizona ere bada. Arizmendiarrietak buruan sortu zituen ideia gehienak Ormaetxeak bideratu ditu.
Zer topatu zenuen han?
Arrasateko gaia asko gustatzen zitzaidan. Kooperatiba berriak sortzeko departamenduko zuzendari izatea bokaziozkoa zen. Beste esperientzia oso interesgarri batzuk ere ezagutu nituen, gaur egun ahaztuta daudenak: kooperatiba bat arazoekin baldin bazegoen, itxi baino lehenago nahiago zuen Ormaetxeak irtenbide bat atera, nonbaitetik. Orduan, produktu berriak bilatzea tokatu zitzaidan, munduan zehar ibili, teknologiak erosi… Jendeak orain filosofia horri ez dio kasurik egiten. Orain oso diskurtso modernistetan gaude, ekintzailetasuna eta abar. Baina esperientziak ez ditugu kontuan hartzen.
Beste hainbat kargu bete Mondragon taldean, eta, jubilatzeko garaia iritsita lanak utzi beharrean, Eusko Ikaskuntzaren lehendakaritza hartu zenuen.
2012an lur hartu nuen kontestu horretan. Ekainean nintzen erretiroa hartzekoa. Eusko Ikaskuntzakoak etorri ziren, eta hor nago kontzentratuta. Batzarra irailean izango zen, programa ziztu batean abuztuan prestatu, oporrik ere ia gozatu gabe, eta jendearekin hitz egitera dedikatu nintzen. Lau urteko agintaldia izaten da. Iazko apirilean beste lau urterako hautatua izan nintzen. Joan diren lau urteak txikiziorako eta altzari batzuk salbatzeko izan dira, eta oraingo lau urteak espero dut eraikitzaileak eta indartsuak izatea. Dauzkagun arazo guztiekin, lan egiteko gaude hor.
Esan izan duzu, erakunde batek ezin duela beste batek egiten duen gauza bera egin. Zer desberdin egin behar du EIk?
Hori enpresa mundutik ikasi dut. Poyamen, aurretik zegoen balbulagintza arruntaren asmoarekin segi izan bagenu, itxita geunden. Lehiakideek egiten ez dituzten gauza diferenteak, berriak egitea da aukera, edo beste era batera. Euskal Herrian zer egin daiteke diferente? Eusko Ikaskuntzaren historia aztertu nuen. Enpresan ere historiari garrantzi ikaragarria eman diot, funtsak ulertzeko. Abiapuntua historiak izan behar du. Sortu zenean, EIn Euskal Herriaren hutsuneak eta gabeziak ikusten zituzten. Urtetan zehar, kutsu kulturala hartu du. Niri kritika asko egin didate politikan sartzen garelako orain. Joan historiara, eta ikusi 1931ko Estatutu Vasco-Navarroa. Kaxoitik atera dut.
Zer egiteko asmoarekin?
Guk lan tekniko bat egin dugu, eta hori mahai gainean jarri bakarrik egiten dugu. Hau ez da politikan sartzea.
Nor mintzen du, bada, proposamen politikoak lantzeak?
Horren aurka dauden politikoak, ideologia batzuetakoak. Garai hartan ere polemika ederrak eta gatazkak izan zituzten. Orduan Estatutua idatzi zuten; ni berriz ari naiz ateratzen hori. Nik uste, unibertsitatearen gaia ere sartu beharko genukeela.
Zer egin dezake EIk?
Birfundazioaren ondoren, eskema tradizional horretan esklerotizatu zen. Akademiako sailen eskema errepikatuz segi du, beste proiektuak alde batera utzita. Atal estankoak zeuden, gainera, arrimatzen diren pertsonajeek beraien lanak eta publikaziotxoak mantentzeko. Guk egin dugun planeamendua izan da hori bukatu dela. Hori ez da guk egin behar duguna. Gauzak beste modu batera egin behar ditugu, eta EIren lana gaur egungo Euskal Herrira zentratu. Sorreratik Euskal Herri osoko erakunde bat gara, eta transbertsalitate horri eutsi behar diogu, nahiz gaur egun egoera administratibo-juridikoa okerragoa eta zatituagoa izan. Arazoak eta erronkak zein diren gure bazkideek eta gizarteak erabakiko dute.