Zumarragak aldundiaren Bizikidetza Lantzen programan parte hartuko du
Markel Olano diputatu nagusiak 2017ko Bizikidetza Lantzen programaren nondik norakoak aurkeztu zituen atzo. Bizikidetza hobetzea helburu duen egitasmo hau 24 herritara helduko da aurten. Horietako bat Zumarraga da. Hiru herri
Markel Olano diputatu nagusiak 2017ko Bizikidetza Lantzen programaren nondik norakoak aurkeztu zituen atzo. Bizikidetza hobetzea helburu duen egitasmo hau 24 herritara helduko da aurten. Horietako bat Zumarraga da. Hiru herri dira aurten bat egin dutenak: Zumarraga, Astigarraga eta Bergara. Hori dela eta, Mikel Serrano alkateak atzoko ekitaldian parte hartu zuen.
Olanok indarkeria hamarkadek gai asko itxi gabe utzi dituztela esan zuen: biktimen beharrei erantzutea, memoriaren kudeaketa, bizikidetzaren hausturak, kartzela politika… Kontu hauek ahalik eta azkarren landu behar direla eta prozesu horretako protagonistak herritarrak izan behar zirela gehitu zuen. “Erakundeei dinamikak garatzea ahalbidetuko duten konfiantzazko eremuak sortzea dagokigu”.
Bizikidetza Lantzen programak 290.000 euroko aurrekontua du. Udalei bi aukera ematen dizkie: ekintzak garatzea aldundiaren esku uztea edo herrian abian jarritako ekintzentzako diru-laguntzak eskatzea. Aldundiak sei lan ildo zehaztu ditu: udalbatzan ordezkaritza duten kolore politiko ezberdinen arteko akordioak sustatzea, bizikidetza pluraleko esperientziak bultzatzea, giza eskubideen esparruen heziketa xede duten ekimenak bultzatzea, biktimei eskaintzen zaien laguntza indartu, memoria politikak garatu eta presoen bergizarteratze prozesuei ekarpenak egin.