Gaur iluntzean Zaldibian egin den batzarraren irudia.
Bart Aralarko Oiduegi txabola –Oidui izenez ezagunagoa– erabat kiskali du suak. Gertaera horri buruz herritarrak informatzeko, batzar bat egin dute gaur iluntzean 200 lagun inguruk Zaldibiako plazan Gailurrerantz mendi elkarteak (hura da txabolaren kudeaketaz arduratzen dena) eta udalak deituta.
Mendi elkarteko ordezkariek adierazi dutenez, sua nahita eragindakoa izan dela diote zantzu guztiek, izan ere, literen alderditik piztu da sua, eta txabolaren eremu horretan ez dago sua eragiteko iturririk. Elkarteko kideen esanetan, bihar eguerdian jasoko dute Ertzaintzaren txosten ofiziala, eta orduan jakingo dira xehetasun guztiak. Bihar, 18:00etan, beste batzar informatibo bat egingo da plazan.
Aldi berean, bihar goizerako auzolanerako deia egin du mendi elkarteak. 08:30ean da hitzordua, eta lanen helburua txabolaren egitura eta harriak babestea izango da. “Oidui altxatuko dugu!”, izan dira elkarteko kideen azken hitzak.
Udalaren esanetan, gaurko gertaera “penagarria eta tristea” izan da, eta gertaera salatzearekin bat, horrelako egun “triste eta ilunak” alde batera utzi behar direla adierazi du. Halaber, udal ordezkariek aurreratu dute astelehenerako urgentziazko bilera deitu duela Enirio-Aralar mankomunitateak.
Landarlan eta Aralar Bizirikek ere ohar labur batera dute, “indarkerian oinarritutako ekintza guztiak” gaitzesten dituztela adieraziz: “Hau ez da bidea”. Bi elkarte horiek gogoratu dute Gailurrerantz mendi elkarteak Aralarko pista proiektuaren aurkako jarrera publiko azaldua zuela.
Enba sindikatuak honakoa adierazi du twitter bidez: “Aralarren Zaldibiko mendizaleen Oiduegi txabola kixkali da. Ezustekoa bada, penagarria. Nahita erre badute, ozen eta irmoki gaitzesten dugu”
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.