Hondakinen gaikako bilketan, errefusaren %60-70a produktu xurgatzaile higienikoak dira eta birziklapenaren bidez, horiei irtenbidea bilatu die Goierriko Birzitek enpresa sortu berriak.
Birzitek engineering enpresak saria jaso du Ecoembesen R sarietan, berrikuntza proiektuen sailean, haurrentzako eta helduentzako fardelak birziklatzeko eta balorizatzeko aurkeztutako soluzio jasangarriagatik. Produktu xurgatzaile higieniko horiei, behin erabili eta gero, aterabide bat emateko berrikuntza eta ikerkuntza proiektua garatu du Birzitek enpresak. Bertako zuzendaria da Olaya Mendoza.
Zer da birzitek?
Goierri eskualdeko enpresa ezberdinen elkarlanetik sortutako enpresa berri bat da Birzitek eta Goiekitik zuzendu den proiektu batetik sortu da, Get Goierriren laguntzarekin. Haurrentzako eta helduentzako fardelak birziklatzea izango da bere lana. 2013an hasi zen proiektu hau guztia gauzatzen. Momentu hartan, Goiekin, proiektu desberdinak garatzeko, eskualdeko enpresa desberdinak elkartzeko lan egiten ari ginen. Helburu garrantzitsuena, produktu propio bat ateratzea zen, ondoren munduan zehar saldu ahal izateko.
Nola sortzen da ideia?
Irteera izango zuten produktu posibleak bilatzen, sektore interesgarriak identifikatzen urte bat pasa genuen eta arlo desberdinak ukitu ondoren, hondakinen sektorea interesgarria zela ikusi genuen. Urte hartan, hondakinak gaika biltzen hasiak ziren Goierriko eta Gipuzkoako hainbat herritan adibidez eta jasotzen ziren hondakin horiei irtenbide bat ematea bururatu zitzaigun. Estrategia horretan, Goieki eta Get Goierriz aparte, eskualdeko 15 enpresa aritu ziren.
Nortzuk osatzen dute Birzitek?
Goierriko hiru enpresa daude proiektu honetan sartuta; Goilaser (Zegama), Ogei (Olaberria) eta Modube (Segura) dira Birzitek proiektuan elkarlanean dauden Goierriko hiru enpresak. Sektore metalurgikoan aritzen diren enpresak dira.
Hiru enpresa horiek, I+D+I proiektu hau martxan jartzea erabaki zuten, beti ere Goieki eta Getgoierriren laguntzarekin.
Hiru enpresa txiki eta ertainak dira, baina beti izan dute bi entitateen laguntza. Nahiz eta hasieran proiektu txikia izango zela pentsatu, azkenean proiektu handi bilakatu da.
Eta nola sartzen dira hondakinak birziklatzera, metalurgiaren sektoretik datozen hiru enpresa hauek?
Ingurumenarekin kontzientzia handia duten enpresak dira eta batetik, horrek bultzatu ditu beraientzat berria den sektore honetan sartzera. Bestalde dibertsifikatu egin nahi zuten eta horrenbestez, negozio bide berriak bilatu nahi zituzten. Hausnarketa eta lan askoren ondoren sartu dira beraientzat berria den sektore honetan; Sasieta Mankomunitatearekin hitzegiteaz gain, beste hainbatekin ere izan gara bilduta, eta garbi gelditu zen hausnarketen ostean, negozio bide berri bat izan zitekeela.
Noiz sortzen da ideia?
Ordizian, atez ateko bilketarekin hasi berriak zeuden. Momentu horretan, Iñaki Erauskinekin, Sasieta Mankomunitateko zuzendariarekin, elkartu eta errefusaren baitan %60-%70 produktu xurgatzaile higienikoak zirela aitortu zigun; haurren pixoihalak, helduen fardelak, emakumeen produktuak (konpresak, tanpoiak), etabar. Errefusaren ehuneko oso handi bat beraz, horrelako produktuak ziren. Zabortegietara eramaten ari ziren produktu horiek eta galtzen ari ziren. Oso arazo larria zela ikusi genuen eta horrela hasi ginen I+D+I proiektu bat garatzen, errefusaren zati horri irtenbide bat bilatzeko helburuarekin.
Beste ereduren bat jarraitu al duzue?
Espainia mailan ez dago produktu xurgatzaileak birziklatzen dituen beste enpresarik, hortaz errefusaren zati hori zabortegira edota errauskailura bidaltzen dituzte, hori derlako dagoen aukera bakarra. Mundu mailan berriz, badaude, hiru edo lau. Hala ere ez dugu hauen eredua jarraitu. Tokiaren arabera, duten hondakin bilketa sistemaren arabera eta tokiko gizartearen eboluzioaren arabera, irtenbide bat edo beste bilatu behar zaio arazoari. Gizartearen kontzientziazioa ere aztertu behar da. Horiek guztiak batuz iritsi gara gu Birzitek sortzera.
Nola egiten duzue lan?
Goiekitik elkarlana bultzatu nahi izan dugu beti eta hori da proiektu honen muina. Enpresa batek bakarrik, horrelako proiektu handi eta berritzailea aurrera ateratzea oso zaila bait da. Hainbat enpresen elkarlanarekin ordea, posible dela erakutsi dugu. Elkarlanaren aukera berriak sortzen ditu eta bakoitzak, bere aportazioak egiten ditu; batzuek esperientzia, besteek, kontaktuak, jakintza teknikoa, bakoitzak ahal duena jartzen du mahai gainean.Enpresa bat baino gehiago mahai baten inguruan jarriz gero, ideia gehiago eta oso desberdinak nola ateratzen diren ikusi daiteke.
Oso deigarria da, konpetentzia diren enpresak elkarlanean ikustea. Proiektu guztiz desberdin baina amankomenean duten horretan, batera nola lan egiten duten eta zenbat energia bideratzen duten ikustea, handia da. Bakoitzak zerbait jarriz gero, posible dela erakutsi dute.
Ecoembes saria jaso zenuten abenduan.
Guretzat oso errekonozimendu handia izan da. Proiektuak oso lan handia izan du atzetik. Jendeak ezagutzen ez bazuen ere hiru-lau urte daramazkigu gogor lanean. Kontua da guztia lotuta izan arte ezer ez dugula aireratu nahi izan. Produktu xurgatzaileak birziklatzea posible dela ikusi arte, alegia.
Madriletik gure lana errekonozitzea oso albiste ona da, eta oso pozik gaude. Proiektu berritzailea eta desberdina dela ikusi dute eta horretaz gain, gizartean eta ingurumenean batez ere, benetan eragina izan dezakeen zerbait dela. Egindako lanak merezi izan duela konfirmatzen du sari honek.
Lehenengo ideiak sortzen direnetik, lehenengo pixoihala birziklatu arte zenbat denbora pasako da.
I+D+I proiektuak luze joaten dira, lan handia ikerketa lan handia baitago atzean. Lehenengo ideia sortzen denetik egituratzen den arte 2-3 urte pasa daitezke. Guk lan hori guztia egina dugu, eta 2017an produktu xurgatzaileak birziklatzen hastea espero dugu. Bilketa sistemarekin ere koordinatu behar dugu. Sistema konplexua da baina guztiz beharrezkoa da. Baina oso positiboa izan da Produktu xurgatzaileei irtebidea bilatu izana.
Zein sektoretara bideratuko da birziklatutakoa? eta eroslerik badago dagoeneko?
Automozioa eta eraikuntza sektorea izango dira etorkizuneko ersosleak eta interesa badagoela ikusi ahal izan dugu, dagoeneko egin ditugun harremanengatik.