Beasaingo Odol Emaile elkartea eta Donostiako Zaporeak proiektua izendatu dituzte Odolkiaren Ohorezko Kofradiakide berriak.
Euriak Beasaingo Odolkiaren Kofradiaren 32. bilkura desitxuratu badu ere, giro onean joan da goizeko ekitaldia. Igandea izaki gainera, Loinazko San Martin plazaren azpi aldea jendez gainezka izan da, odolkiaren usaina nabarmen zela. Euskal Herri osotik eta Espainiako Estatutik etorritako 23 kofradiek hartu dute parte gaur Beasainen.
12:00ak pasa zirela hasi da Beasaingo Odolkiaren Kofradiaren 32. kapituluko puntu gorena, Ohorezko kofradiakide berriak izendatzeko momentua. Aurten bi elkarte edo elkartasun proiektu izendatu dituzte Beasaingo Odolkiaren Ohorezko Kofradiakide berriak: ia 50 urte dituen Beasaingo Odol Emaile Elkartea eta Greziako Quios irlan egunean 1.200 otordu prestatu eta banatzen dituen Donostiako Zaporeak proiektua.
Dolarea jatetxean elkartuko dira kofradiakideak bazkaltzen. Eta arratsaldean, pilota partidak izango dira Gernika Pasealekuko pilotalekuan, eta ondoren, kalejira izango da Bentazaharreko mutiko alaiak taldearekin.