Orraziekin artista
Harkaitz Barreros ile-apaintzaile urretxuarrak ilea jantzi bat gehiago dela dio. Orrazkerak diseinatzen ditu eta bere kreazioak pasareletan erakusten ditu. L’Oreal enpresa ospetsuaren ...
Harkaitz Barreros ile-apaintzaile urretxuarrak ilea jantzi bat gehiago dela dio. Orrazkerak diseinatzen ditu eta bere kreazioak pasareletan erakusten ditu. L’Oreal enpresa ospetsuaren enbaxadoreetako bat da, Estatu espainiarrean bost bakarrik daude, eta mundu osoan master class-ak ematen ditu. Duela bi hilabete Cibeles Pasarelan bere azken bilduma aurkeztu zuen eta urtarrilean Polonian egon da.
Bildumak egiteko orduan, beste herritar batzuekin lan egiten du. «Cibeleseko aurkezpena Iñigo Sbeltza eta Josu Maroto herritarrekin prestatu genuen: Sbeltzak bideo korporatiboa egin zuen eta Marotok gure lan prozesua marraztu zuen. Artista batzuk dira, inspirazio iturri. Gainera, gure lana oso ondo ulertu eta islatzen dute. Cibelesen ile-apainketa modaz dugun ikuspuntua azaldu genuen eta horretarako diseinatzaile ospetsuen arropa ere erabili genuen. 1.000 bat gonbidatu zeuden eta beste ile-apaintzaile batzuentzat inspirazio-iturri izateko eraman gintuzten», azaldu du ile-apainatzaile urretxuarrak.
Varsovian ere egon da. «Errusiako eta Poloniako ile-apaintzaileekin egon gara bertan. Ikastaro bat eman diegu», aipatu du.
Aldizkari ezagunetan
Barrerosen lana herrialde askotako profesionalek ezagutzen dute. «Latinoamerikan ere egon gara eta gure lanak prentsan, irratian, telebistan… azaldu dira. Baita ile-apainketa arloko aldizkari garrantzitsuenetan ere: Vogue, Woman, Estetica Modacabello, Cosmobelleza eta Peluquerias aldizkarietan, esaterako».
Urretxuko ile-apaintzaile honi ez dio inork ezer oparitu. Urte asko daramatza lanean. «Batxilergoa ikasten ari nintzen, baina ez zen hori nahi nuena. Ile-apainketa ikastera joan nintzen eta ondoren bi urte eman nituen Madrilen. Moda, enpresa kudeaketa, abangoardia… ikasi nituen. Duela 20 urte lehen saloia ireki nuen. 17 urte eman ditugu H&R izenarekin eta orain HMotion gara».
Lehen bilduma 2004an egin zuen. «2004an hasi nintzen bildumak egiten, zer kontatu nuelako. Ile-apainketarako produktuak egiten dituzten enpresa ezberdinei gure lana gustatu zaie eta tendentzia sortzaileak gara. Ez gara horren bila joan. Bildumak ez genituen horretarako egiten. Guretzako ziren: bildumak gure ikerketa, garapen eta berrikuntza lana ziren».
«Bezeroak autoestimua indartuta ateratzen dira eta hori oso pozgarria da»
«Erreferente bat gara eta Euskal Herriko herrialde guztietako jendea etortzen da»
Harkaitz Barreros, Ile-apaintzailea
Modelo onenetako batzuk orraztu ditu, bere bildumak pasarela garrantzitsuenetako batzuetan erakutsi ditu… baina ez du Urretxu uzteko asmorik. «Gure saloira ez da herriko jendea bakarrik etortzen. Erreferente bat gara Euskal Herri mailan eta Hegoaldeko herrialde guztietako jendea etortzen da: Olite, Bermeo, Donostia, Zumaia, Tolosa, Arrasate, Zornotza, Durango…».
Bezero horietako askok hamar urte baino gehiago daramatzate beraiekin. «Gure izaera eta gure aholkuaren bila etortzen dira. Dena den, ez dut uste Urretxu utziko dudanik. Beste nonbaiten beste ile-apaindegi bat irekitzea da nire asmoa. Hamar urte barru, beharbada, Donostian saloi txiki bat izango dut. Dena den, ez da hori nire helburu nagusia. Nire helburu nagusia, orain arte bezala, nire lanaz gozatzea da», esan du.
Eta bezeroak zoriontsu egitea. «Batzuetan bezeroak triste samar etortzen dira eta ukitu txiki batekin bere burua hobeto ikusten dute. Ile-apaindegitik autoestimua indartuta ateratzen dira eta hori oso pozgarria da guretzat».
Ile-apaindegira lehenengoz sartzen direnekin protokolo bat jarraitzen dute. «Diagnostiko aulkian esertzen dugu eta galdera estrategiko batzuk egiten dizkiogu: zer gustatzen zaion, zer ez zaion gustatzen… 10-15 minutuko analisi horren laguntzarekin eta bere estiloa, lanbidea, zaletasunak… kontuan izanda, zer egin erabakitzen dugu».
Jendeak beraiengan konfiantza osoa du. «Badakite nora datozen. Badakite gurea abangoardiako ile-apaindegi bat dela eta beraien izaera potentziatzeko prestatuak gaudela. Hona etortzen direnak, proposatzen dieguna egiteko prest egoten dira», aipatu du urretxuarrak.
Euskaldunak, ausartak
Gainera, euskaldunok ausart samarrak omen gara. «Europa mailako potentzia nagusiak Ipar Europako herrialdeak dira. Euskal Herria, berriz, penintsula mailan erreferente bat da. Industriak, gure aitona-amonek eta gurasoek egin duten lanak… eragina dutela uste dut. Hemen jendeak Andaluzian edo Extremaduran baino gehiago arriskatzen du. Han gehiago kostatzen zaie gauza berriak probatzea. Bira bat egiten ari naizenean, kontuan izan behar dut non nagoen. Andaluzian ezin dut Katalunian egiten dudan gauza bera egin», amaitu du.