Ampo Ordizia, kopako finalaren atarian
Espainiako Kopako finalaren atarian gelditu da Ampo Ordizia, atzo Santboiana taldearen aurka 23-16 galdu eta gero. Maila handiko partida jokatu zuten bi taldeek, eta Ampokoek partida ona egin arren, etxekoen nagusitasuna gailendu zen azkenean. Ordiziako eta Goierriko zaleen babesa jaso zuen taldeak.
Hasieratik bukaerara, partida oso parekatua izan zen, bai jokoan eta baita markagailuan ere. Seigarren minutuan etxekoak aurreratu ziren, Rust kanporatu eta ordiziarrak jokalari bat gutxiagorekin zirela. Minutu baten buruan, ordea, Imanol Aldanondok entsegua lortu zuen, talde goierritarra aurretik jarriaz. Bi taldeak gogor saiatu baziren ere, markagailua ez zen mugitu atsedenaldira arte.
Aldageletatik bueltan, kataluniarrek erasora jo zuten, eta Woodmasen entseguak eta Millanek gauzatutako kolpeak 13-7 aurretik jarri zituen etxekoak. Ampok ordea, hiru zigor kolpe gauzatu zituen 49, 55 eta 59. minutuetan, berriz ere markagailuan aurrea hartuz. 61. minutuan ordea, Santboik ordiziarren defentsa zulatu eta Balsalobrek entsegua lortu zuen. Bi puntuz aurretik ziren etxekoak, baina partida erabat irekita zegoen. 72. minutuan ordea, etxeko taldeak azken entsegua egin zuen, eta Ampokoek ez zuten asmatu markagailuari buelta ematen. Azkenean, 23-16; Santboiana Kopako finalean izango da eta ordiziarrek agur esan diote ametsari. Katalanek, El Salvadorren aurka jokatuko dute Espainiako Kopako finala, apirilaren 30ean.