Herritarrei iragarkiak eta kartelak jartzeko euskarri aproposak eskaini nahi dizkiete. Era berean, paretek eta kaleek itxura garbia izatea nahi dute. Hamar egunean behin garbituko dituzte

Herriko hamar leku desberdinetan adierazpen panel berriak jarri ditu Beasaingo Udalak, «herritarrei iragarkiak eta kartelak jartzeko euskarri aproposak eskaintzeko, paretek eta kaleek itxura garbia eta txukuna izateko, ipinitakoak ikusgarriagoak izan daitezen». 5.000 euroko aurrekontua izan dute 1,5 x 1,5 metroko neurria duten hamar panelek.
Orain artean kartelak edo iragarkiak jarri izan diren pareten ondoan jarri dituzte panelak: J. M. Iturrioz kaleko 1. zenbakian, Bideluze plazan, Telefonica eraikinaren ondoan, Ezkiaga pilotalekuko aldamenetan, Erauskin plazan bi, Nafarroa Etorbidearen hasieran, Gernika pasealekuko pilotalekuan eta Igartza Oleta kalean.
Funtzionamendua
Panelen zati bat udalaren oharrak jartzeko izango da. Udalak jakinarazi duenez, adierazpen gune edota panel berri horien erabilera eta funtzionamendu egokia bermatzeko, hamar egunez behin garbitu egingo dira, «orain arte bezala, astelehen edota ostegunetan, iragarki eta kartel berriei lekua egiteko». Era berean, adierazpen paneletatik kanpo jartzen diren kartelak edo iragarkiak kendu egingo dituzte. «Neurri horrek helburua du herria eta herriko eremua zein ondarea txukun eta garbi mantentzea eta herritarrei adierazpenerako guneak eskaintzea, ira- garritakoa argi ikus dadin», dio udalak.