Oihane Vicentek sormenezko dantza ikastaroa emango du Eitzan
Oihane Vicente dantzari zumarragarrak sormenezko dantza ikastaroa emango du otsailean eta martxoan Eitzako Topalekun. Auzoko Jai batzordeak antolatu duen ikastaro horretako eskolak hilaren 11, 18 eta 25ean eta martxoaren 11n
Oihane Vicente dantzari zumarragarrak sormenezko dantza ikastaroa emango du otsailean eta martxoan Eitzako Topalekun. Auzoko Jai batzordeak antolatu duen ikastaro horretako eskolak hilaren 11, 18 eta 25ean eta martxoaren 11n eta 25ean izango dira, 11:30etik 13:00etara.
Vicentek erromeria dantzen ikastaroa eman zuen Eitzako Jai batzordearen ekimenez eta oraingo honetarako zer edo zer modernoagoa eskatu diote. «Sormenezko dantza ikastaroa ematea proposatu nien eta ondo iruditu zitzaien. Ez da erraza sormenezko dantza zer den azaltzea. Pintura abstraktuaren modukoa da. Dantza egitea ez dela koreografia bat jarraitzea edo pauso zehatz batzuk ikastea ikusiko dugu. Dantza egitea gorputz espresio modu bat da. Gure emozioak eta gure pentsamenduak gorputzaren bidez azaltzen saiatuko gara. Baita gorputzaren bidez erlazionatzen ere».
Horretarako, erlaxazioa eta pintura erabiliko dituzte, besteak beste. Hamabost lagunek parte hartuko dute. «Ez nuen jende gehiago nahi, bestela ez bainuen guztiei behar bezalako arreta eskaintzeko aukera izango».
Zumarragarrari dantza asko gustatzen zaio. «Beti gustatu zait dantza egitea eta beti izan naiz dantzaria. Dantza egiteko talde bateko kide izan behar dela dirudi eta ez da hala».
Berak 17 urterekin eman zuen izena Irrintzi dantza taldean. «Irrintzikoekin dantza egin nahi nuen, baina lotsa ematen zidan. Eneko Galdosek eta Amaia Plazaolak animatu zidaten».
Euskal dantzez gain, saloi dantzak eta biodantza egin ditu. Egun, Dantza Mugimendu Terapia masterra egiten ari da Bartzelonan eta dantza garaikidea ere egiten du. «Dantza nire askatasun unea da. Dantza garaikidea da gehien gustatzen zaidana, gorputzaren atal guztiak mugitzen baitira. Saltsa eta soltea ere gustatzen zaizkit», dio Zumarragako dantzariak.
Jendeari dantza egitea gomendatzen dio. «Buruak gaizki egingo dugula esaten digu eta garrantzia handia ematen diogu buruak esaten digunari. Baina zer da dantza egitea? Zer dago ondo eta zer gaizki? Dantza egitea terapeutikoa da eta guztion eskubidea da. Guztiok dantza egiteko espazioak sortu behar dira. Emozioak lantzeko, norbere burua hobeto ezagutzeko, erlazionatzeko… balio du».