Tafallako abesbatza batek Busca Sagastizabal konpositore zumarragarraren ‘Pastorela’ grabatu du
Tafallako Tubala Uxoa abesbatzak bakarkako lehen diskoa grabatu du eta disko horren zati handi bat Jose Ignazio Busca Sagastizabal konpositore zumarragarraren Pastorela Meza obrari eskaini dio. Konposizio hori lau aldiz
Tafallako Tubala Uxoa abesbatzak bakarkako lehen diskoa grabatu du eta disko horren zati handi bat Jose Ignazio Busca Sagastizabal konpositore zumarragarraren Pastorela Meza obrari eskaini dio. Konposizio hori lau aldiz abesten dute Gabonetan Tafallan. Hori dela eta, Nafarroako abesbatzak Musika Gabonetan bere lehen diskorako hautatu du.
Aurkezpen ekitaldia abenduan izan zen eta ekitaldian Busca Sagastizabalen senitartekoek parte hartu zuten. Tafallako abesbatzako zuzendaria, Laura Calvo, izan zen zumarragarrekin harremanetan jarri zena. Busca Sagastizabal Zumarragakoa zela zekienez, Zumarragako udaletxera deitu zuen eta beraien asmoen berri eman zien.
Usoa Buscaren telefono zenbakia pasa zioten eta deitu egin zion. Busca konpositorearen iloba txikia da. «Harriduraz» hartu zuen nafarraren deia. «Ez nekien Tafallan Busca Sagastizabalen Pastorela abesten zutenik. Urrestillan ere abesten dute. Eta Azkoitian, Andre Mari bezperan, bere salbea abesten dute».
Tafallarren eta Buscatarren istorioa kasualitatez betea dago. «Diskoa grabatu duen abesbatzak nire izen bera du eta nire alaba Judith Tafallan bizi da. Bertan kafetegi bat du eta abesbatzako zuzendariak bertan hartzen du kafea!».
Busca Sagastizabal Zumarragan jaio zen 1868an eta Zarautzen hil zen 1950ean. Madrilgo kontserbatorioan egin zituen ikasketak eta bertako bi elizatako organo jotzailea izan zen. Pastorela ere bertan konposatu zuen, 1898an.
Nafarroan horren estimatua izateak arrazoi zehatz bat du: bere emaztea, Casimira Gabilondo, urretxuarra zen jaiotzez, baina umetatik Pitillasen bizi izan zen. Hori dela eta, bere obra asko Nafarroan oso ezagunak dira.