Zaldibiako mendi elkarteak eta Enirio-Aralarko Mankomunitateak lehen bilera gaur egingo dute, erreketa izan zenetik. Gailurrerantzen asmoa txabola berreraikitzea da

Aralarko Enirion Oiduegiko mendizale txabolaren erreketaren ondoren, eragileak ari dira etorkizunerako ildoak prestatzen. Txabola kudeatzen duen Zaldibiako Gailurrerantz elkarteak, aurreko asteburuan herrian bi batzar ireki egin zituen —larunbatean 200 lagun, igandean 150—. Asmoa garbi dute: atzera eraiki egin nahi dute txabola, «lehenago zenera itzuli», dio elkarteko kide Alex Sukiak.
Hain justu, txabolaren jabe den Enirio-Aralarko Mankomunitateak eta Gailurrerantz kudeatzaileak gaur 17:00etan egingo dute lehenengo bilera. Erreketa izan zenetik aurreneko hartu-eman formala izango da.
Bilera horretan hitz egiten dena beste herri batzar batean azalduko du Gailurrerantzek, Zaldibian. Kultur etxe zaharrean, erdiko solairuan (bideo gela) izango da bilera, igandean 18:00etan.
«Han azalduko dugu, batetik, asteleheneko batzarrean Mankomunitateak zer esan zuen. Eta bihar [gaur] egingo dugun bilerako berri ere bai. Han jakingo dugu Mankomunitatearen papera zein den, hurrengo pausoak zehazteko», dio Sukiak.
Peritu txostenik ez
Larunbat goizean, Alex Sukiak berak aurkitu zuen Oiduegiko txabola erreta. «11:00-11:15 aldera igo ginen hara. Kasualitatez; korrika genbiltzan, Ataun aldera jaisteko asmoarekin. Ordurako jada erreta zegoen. Sarreran gar txiki bat eta ke pixka bat, baina itzaltzen ari zen jada», oroitu du.
Larrialdietara deitu, eta 30 minuturen buruan iritsi ziren ertzainak lehenik eta suhiltzaileak gero, Ataundik eta Errekabeltzetik barrena. Gailurrerantzek salaketa jarri zuen gero ertzain-etxean —Mankomunitateak ere bai, bere aldetik—. Peritu txostenaren zain dira elkartekoak, ondorioetarako. Lehen unean, propio sutu zutela esan zieten suhiltzaileek.
Txosten hori ez dute oraindik jaso. Aste honetan esku artean izatea ere «zail» iruditzen zaie.
Aralar parkearen “kudeaketa txarra” salatuko dute etzi
Gipuzkoako 15 talde ekologistak osatzen duten Naturkon koordinakundeak elkarretaratzeko deialdia egin du, larunbatean 12:00etan, Donostiako Gipuzkoa Plazan. Foru jauregiaren aurrean bilkura egingo dute, Gipuzkoako Foru Aldundia Aralar parke naturalarekin egiten ari den «kudeaketa traketsa, baldarra, desegokia eta arriskutsua»?salatzeko. Naturkoneko kide dira Goierriko Landarlan naturzale taldea eta Aralar Birizik plataforma.
Pistak eraikitzeko asmoak sortu duen «gatazka» bideratzeko ere eskatuko diote foru aldundiari. «Herritarrek Aralar parke naturala beren nortasunaren ezaugarri bezala senti dezaten lanean has dadin» ere eskatuko diote. Bereziki, Enirio-Aralarko Mankomunitatea osatzen duten herritarrei dei egin diete.
Bestetik, Aralar Bizirikek eta Landarlanek gaur, 19:00etan, Itsasondoko kulturgunean informazio bilera egingo dute, Aralarrez eta pistez.