Gaur eguerdiko elkarretaratzearen irudia. Arg.: Naturkon
Gipuzkoako hainbat talde ekologista eta natur talde batzen dituen Naturkon elkarteak –Landarlan eta Aralar Bizirik daude haien artean– deituta elkarretaratzea egin dute hainbat herritarrek gaur Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean. Koordinakundearen iritziz, Aralar natur parkearen kudeaketa “traketsa, baldarra, desegokia eta arriskutsua” egiten ari da aldundia. Era berean, pisten auzia dela eta sortu den “gatazka” bideratzeko ere eskatu dio, eta Aralar natur parkearen eta Natura 2000 Sarearen arauak eta betebeherrak betetzeko.
Aralar natur parkearen kudeaketaren arduraduna Foru Aldundia da, eta ordenazio planaren arabera, hari dagokio natur baliabideak babestea, kontserbatzea, leheneratzea eta hobetzea, “bereziki, natur guneak eta flora eta fauna basatiak”. Naturkonen iritziz, Aralar natur parkea dela adieraztea “etengabe saihesten” ari da diputazioa. “Artzain eta ganaduzaleei esker Aralar natur parkea dela esaten dute, eta hori ez da guztiz egia, Aralarren basoak, larreak, harkaiztiak, errekak… nahiko egoera naturalean daudelako izendatu baitzuten parke natural 1994an, baita bere paisarengatik ere”. Hori dela eta, Aralarren jarduera ekonomikoa natur ondarearen kontserbazioarekin bateragarria izango den kudeaketa eredu baten bidez antolatu behar dela uste du.
Koordinakundeak salatu du aldundiak ez dituela Aranzadi Zientzia Elkartearen irizpideak aintzat hartu nahi, eta horrez gain, gogoratu du ez aldundiak ez Enirio-Aralar mankomunitateak ez dituztela gizarteko beste eragile askoren (mendizale, naturzale, ekologista, ornitologo…) iritziak eta irizpideak kontuan hartu. “Auzi honetan batzuen interesak bakarrik kontuan hartzen dira, artzain eta ganaduzaleenak, parkearen beraren izaera arriskuan jarriz, eta epe luzera, artzaintza eta abeltzainarena ere bai, lurzoruaren higadura areagotzeagatik”. Aldundiak eragile ezberdinek osatzen duten Aralarko patronatuaren urteko bilera ez duela deitu ere salatu du. “Oso larria iruditzen zaigu aldundiaren jokaera”.
Naturkonen iritziz, artzaintza eta abeltzaintza ekologikoa bultzatu behar dira Aralarren, “beti ere, parkearen arauak onartuz eta betez”. Aralarren egoera “osotasunean hartuta aztertu” behar dela dio. “Eta datuak publiko egin, eta natur baliabideak babesteko neurriak hartzen direla ziurtatu”. Hori egin eta gero, aldundiak sektore ezberdinak bilduko lituzkeen partaidetza prozesu bat ireki beharko lukeela uste du koordinakundeak.
Haren iritziz, jokabide horrek lagunduko luke Aralarpeko herrietan “bizi den tentsio jasanezina desagerrarazten eta bizikidetza berreskuratzen”. Oiduiko txabolaren erreketa “horren adierazgarri nagusiena” bihurtu dela uste du Naturkonek. “Gipuzkoako Foru Aldundiari gatazka hau bideratzeko eskatzen diogu, eta Aralar natur parkearen eta Natura 2000 Sarearen arauak eta betebeharrak betetzeko”.