Zuhaitz landareen garaia da
Negua da zuhaitzak landatzeko garairik aproposena, gero, udaberriarekin batera bizi berria hartzen hasteko. Legazpiko Landare Haztegiko Jon Zabaletak esan duenez, «hotza hasten ...
Negua da zuhaitzak landatzeko garairik aproposena, gero, udaberriarekin batera bizi berria hartzen hasteko. Legazpiko Landare Haztegiko Jon Zabaletak esan duenez, «hotza hasten denean, zuhaitzek hosto guztiak botatzen dituzte, eta negu-egoeran sartzen dira». Izerdia botatzeari uzten diote, zuhaitza «gelditu» egiten da, nolabait esatearren, eta horregatik da zuhaitz landare berriak landatzeko garai aproposa.
Zuhaitz landarea negu hasieran landatzen denean, lehenengo sustraiak botatzen hasten da. Horregatik, «udaberriko kolpea hasten denerako erreserba guztiak» izango dituela dio Zabaletak. Zuhaitzaren lehenen urteetan berebiziko garrantzia du alderdi honek, «sustraia bota eta lantzen hastea» izango baitu lanik nagusiena.
Zuhaitz landareak bi modutara landatu daitezke: sustrai hutsik edo sustrai lurrarekin. Guztiarekin bezala zuhaitz motaren eta bere ezaugarrien arabera aukeratuko da landaketa bat edo bestea. Orokorrean sustrai hutsik —edo sustraia lurrik gabe— landatzen dira landare gazteenak, enbor finekoak. «Sustraiak zuztar fin askokoa izan behar du kalitatezkoa izateko», dio Zabaletak. Sustrai lurrarekin landatzen dira, kontrara, enbor handiagoa dutenak, «2 edo 3 urte dituzten landareak izaten dira, oro har». Landare mota hauetan ez da komeni izaten sustraiari lurra kentzea «zuztarrak asko hondatu» daitezke eta. Baina guztiarekin bezala, badira salbuespenak, «makalak edo platanoek ondo aguantatzen dute transplantea», esate baterako.
Fruitu txikiak etxean
Goierrin garai honetan gehien landatzen diren zuhaitzak fruta arbolak dira. Sagarrondoak, gereziondoak, madariondoak eta aranondoak dira ohikoenak Zabaletaren iritziz. Intxaurrondoak eta gaztainondoak ere sarri landatzen dira, «baita sail handietan ere».
Zuhaitz landareak landatu aurretik, garrantzitsua da noski, lurra ondo prestatzea. Lurrak kalitatezkoa izateko «hezetasun gehiegirik gabea izan behar du, eta ondo aireztatuta egon behar da». Simaurra edo area erabiltzen dute askok lurra aireztatzeko, eta harriak ere sartzen dira lur azpian aireari pasatzen uzteko.
Landatutako zuhaitzak denboran irauteko zaintza ere garrantzitsua da, baita klima egokia izatea ere. Goierrin ohiko zuhaitz landareak landatzea da egokiena «daukagun klima ondoen aguantatzen dutenak» baitira. Fruitu txikiak landatzea ere modan jarri da. Lur sail txikietan landatzeko egokiak dira, baita «orientazio txarra edo lur azidoa duten sailetarako» ere. Ohikoenak ahabiak, masustak, andere-mahatsak eta masusta-gorriak dira. Egokiak dira balkoietan jartzeko ere.