Gallegok (Legazpi, 1977) 'La ruleta fria' liburua aurkeztuko du gaur Legazpiko kultur etxean, 19:30ean. Hamabost ipuinek osatzen dute liburua; gogoetak daude amaieran.Nondik atera da 'La ruleta fria' liburua?Betidanik izan dut liburu bat idazteko gogo...

Mario Gallegok (Legazpi, 1977) ‘La ruleta fria’ liburua aurkeztuko du gaur Legazpiko kultur etxean, 19:30ean. Hamabost ipuinek osatzen dute liburua; gogoetak daude amaieran.
Nondik atera da ‘La ruleta fria’ liburua?
Betidanik izan dut liburu bat idazteko gogoa. Urtetan saiatu naiz. Idatzi, idatzitakoa berrirakurri, eta baztertu egiten nuen. Osasun arazo bat tarteko etxean egon behar izan naiz hilabete batzuetan eta, denbora guztia izanda, lortu dut nahi nuen hori egitea; idaztea, alegia.
Idatzi aurretik asko irakurri nuen, hamar bat liburu. Aitarekin izandako solasaldi batek ere zeresana izan zuen. Solasaldi hartan galdera bat egin genion elkarri: inor hiltzeko prest egongo zinateke hilketa horrek pertsona asko salbatuko dituela jakinda?
Zure erantzuna zein izan zen?
Ezetz. Galdera hori, ideia hori liburuan dago, estalita bada ere.
Narratiba da, baina ez da nobela bat, ipuinak baizik.
Hala da. Kronologikoki ordenatutako ipuinak dira, hasi XX. mendearen amaieran eta gaur arte. Azken ipuin bat dago, ustekabekoa.
Ipuinetan hainbat gogoeta dago. Kontakizunak ezberdinak dira oso elkarren artean, baina loturak dituzte eta badaude ipuin batean eta bestean harilkatzen diren tramak.
Ba al dago denak lotzen dituen gairik?
Zein den giza pertsonon lekua unibertsoan, hori da galdera nagusia. Egoera politikoak ere badu zeresana. Ideal bat daukagu, atzeman nahi dugun utopia bat da, zeina denborarekin iritsiko den baina ez, agian, espero dugun bezala.
Iritsiko al da?
Bai, orain daukagun egoera politikoa pentsa ezina zen XV. mendean, orain autoan mugitzen gara toki batetik bestera…
Ipuinak hainbat tokitan gertatzen dira, ezta?
Errusia, Habana, Londres…
Legazpi?
Ez, Legazpin ez [irribarre bat].
‘La ruleta fria’ izenburua zergatik?
Badago erruleta hotz bat gure patua erabakitzen duena, ezta?
Zer diozu erabili duzun estiloari buruz ?
Lehenengo pertsonan, bigarrenean, narratzaile orojakilea, hirugarren protagonista bat zeinak besteen ekintzak deskribatzen dituen… Askotariko narratzaileak erabili ditut. Gehienak ipuin laburrak dira, bat luzeagoa da eta nobela baten antza hartu du. Ipuinek badaukate ukitu filosofiko bat, balioak, printzi- pioak, burutazioak hizpide dira. Umorea eta tristurak ere ageri dira. Bizitzan bezalaxe.
Filosofia ikasketak dituzu, bizimodua lantegian ateratzen duzu, Legazpiko Musika Bandako musikaria zara, xake jokalaria ere bai.
Liburu honek badauka filosofiatik, baina narratibaren atzean dago. Xakea erabili dut ipuin batean, baina zuzenean ez. Musika ez da gehiegi agertzen.
Aurkezpenean agertuko da,
Bai, saxo laukote batek lagunduko dit.
Liburua sei hilabetean idatzi duzu. Idatzi eta gero zer egin zenuen argitaratzeko?
Lehenengo, lanaren benetako balorazio bat egingo zuen norbait bilatu nuen. Hiru bide har daitezke: lagun bati ematea kritika egin dezan, ohiko argitaretxeetara jo eta noiz erantzungo zain geratzea eta hirugarren aukera autoekoizpena da.
Nik hirugarren bidea hautatu nuen. Egun autoekoizpenerako toki asko dago, baina komeni da onen eta txarren artean bereiztea. Lanaren balorazio egokia oso garrantzitsua da aurrera jarraitu nahi duzun edo ez erabakitzeko, konbentzitzeko.
Zer jaso zenuen?
Kritika positiboak jaso nituen, egia da haiek eurena saldu nahi dutela. Aitzitik, erdibana 500 kopia ateratzea eskaini zidaten, ez nien baiezkorik eman, baina nire kabuz ateratzera animatu nintzen. 100 ale atera ditut. Nik salduko ditut zuzenean eta saltzen dudan kopuruaren arabera akaso gehiago aterako ditut.