Festa handi bat antolatu dute Martxoan Bertsoaren 15. edizioa ospatzeko
Hiru kanporaketa egongo dira. Finala martxoaren 25ean izango da. Egun horretarako bazkari bat antolatu dute eta urte hauetan guztietan parte hartu duten bertsolari guztiak gonbidatu dituzteBertsoak Urretxu eta Zumarragako txoko guztietara helduko dira ...
Hiru kanporaketa egongo dira. Finala martxoaren 25ean izango da. Egun horretarako bazkari bat antolatu dute eta urte hauetan guztietan parte hartu duten bertsolari guztiak gonbidatu dituzte
Bertsoak Urretxu eta Zumarragako txoko guztietara helduko dira datozen asteetan. Izan ere, Gipuzkoako herri arteko txapelketak eta Martxoan Bertsoa programak bat egingo dute. Aurtengo finalaren inguruan festa handi bat ospatu behar dute, ekimenaren 15. edizioa dela eta.Herri arteko bertso txapelketan Urretxu eta Zumarragako bi taldek parte hartuko dute: Potoxop eta Simimimisol.
Azken talde honek bihar ekingo dio txapelketari. Lasarte-Oriako taldearekin neurtuko ditu indarrak, 23:00etan gaztetxean. Datorren ostiralean, hilaren 24an, Aian abestuko dute.
Potoxop taldekoek, berriz, hilaren 24an ekingo diote txapelketari. Oiartzunen abestuko dute. Ligaxkako bigarren eta azken saioa martxoaren 11n izango dute: Zumarragako Amalur elkartean abestuko dute. Oñatiko Txinparta taldea izango dute aurrez aurre. Multzo bakoitzeko talde onena hurrengo fasera pasako da.
Martxoan Bertsoa programako txapelketari dagokionez, martxoaren 3an hasiko da. Hiru kanporaketa eta finala jokatuko dituzte. Kanporaketak martxoaren 3an, 4an eta 10ean izango dira, Apatxe, Motz eta Fox tabernetan. Finala, berriz, martxoaren 25ean izango da, gaztetxean. Lau saioak 23:00etan hasiko dira.
15. edizioa dela eta, finala festa handi bat izatea nahi dute. «Egun osoko egitarau bat prestatzen ari gara eta edizio guztietan parte hartu duten bertsolariak elkartu nahi ditugu. Bazkari jendetsu bat egin nahi dugu eta bazkalostea bertsoz eta kantuz girotu. Finalarekin emango diogu amaiera egunari. Aipatzekoa da 100 lagun baino gehiagok parte hartu dutela txapelketa honetan», azaldu dute bertso eskolako kideek.
Bazkaria Ederrena pilotalekuan izango da eta txartelak aurki jarriko dituzte salgai. Bazkaldu aurretik poteoa egingo dute.
Txapelketa Martxoan Bertsoa ekimeneko ekitaldi nagusia da, baina beste ekitaldi batzuk ere antolatu dituzte. Martxoaren 17an bi izango dira, Urretxuko gaztetxean. 20:00etan Autobiographikal taldearen poesia antzeztuaz gozatzeko aukera egongo da. 23:00etan, berriz, Bertxortan taldeak seriotasunari barre egiteko bideak proposatuko ditu.
Bertsopaper lehiaketa
Bestalde, martxoaren 31n Urretxu eta Zumarragako eskolarteko bertsopaper lehiaketako sariak banatuko dituzte. Ekitaldi hau Zelai Arizti aretoan izango da.
Txapelketa hau Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleei eta DBHkoei zuzendua dago. Lanak martxoaren 4a baino lehen aurkeztu behar dira, Urretxuko eta Zumarragako kultur etxeetan.