Igartza Bekaren fruitu berria, Kattalin Minerren ‘Nola heldu naiz ni honaino’
Bihar aurkeztuko du Igartzako jauregian, 19:00etan. Aurretik irakurle taldeak elkartuko dira. 20. edizioa martxan da; ekainaren 30erako aurkeztu behar dira proiektuak
2015eko 18. Igartza Literatur Beka irabazi zuen Kattalin Miner Perezek Kafe beteak proiektuarekin. Urtebeteko epea izan zuen liburua idazteko eta dagoeneko ikusi du argia Minerren lehenengo liburuak: Nola heldu naiz ni honaino. Gaur aurkeztu du Donostian, Elkarren.
Hasierako ideia hartatik ez du aldaketa nabarmenik egin, nahiz eta izenburua aldatu duen: «Liburua bukatu nuenean, izenburua birpentsatzeko gomendatu zidan Xabier Mendigurenek. Eta uste dut nik asmatu dudala, liburuarekin oso zuzenean dagoen lotuta dagoen esaldi bat delako, Nola heldu naiz ni honaino». Anari?Alberdi kantariaren hitzak dira.
Azalaren diseinuarekin ere oso gustura dago Miner: «Juanma Aramendik bete-betean asmatu du, oso-oso lotuta dago testura. Alaia da. Estetikoki izugarria iruditzen zait eta liburua irakurrita edo iradokitzen duena ere oso bat dator testuarekin». Kafe kikara gorri baten barruan arrain bat ageri da igerian.
Jezabel protagonista
Minerren ustez, liburuaren protagonista den Jezabelek sentitzen duena ondo baino hobeto irudikatzen du irudiak: «Arraina kikara baten barruan dago, badu agobio sentsazioa baina ez da agobio itogarri bat. Galduta edo lekuz kanpo egotearen sensazioa da». Jezabelek arrakastaren laukitxo guztiak beteak ditu, argi du zer egin nahi duen bizitzan eta zirt-zart hartu ohi ditu erabakiak. Halako batean, ordea, txikikeria batekin paralizaturik geratuko da. «Jezabel gure jendarteko klase eta adin tarte jakin bateko pertsonaia bat da. Euskal Herrian existitzen den pertsona mota bat. Gure jendartean orain badago erosotasun ekonomikoan bizi den errealitate bat eta horri eutsi nahi nion. Ikusarazi nahi nuen oraindik badaudela konfort egoera batzuk».
Dena den, erosotasun egoera horretan egonagatik, «ez da horregatik zalantza, krisi edo neurosi gutxiago dituena, edo oraindik ez dakiena nola iritsi den horraino eta zer egiten duen hor». Idazlearen esanetan, «pertsonaia hasten da bere buruaz oso ziur dagoen norbait izaten, eta hor datorkio krisia, gauza txikienekin dudan jartzen hasten denean. Duda horiek bere bizitza arlo guztietara pasatzen dira».
Erabakiei buruzko gogoeta
Erabaki ugari hartu beharko ditu Jezabalek eta erabaki horien inguruko hausnarketa egin nahi izan du Minerrek. Era berean, idazlea militante feminista izanda «bazegoen bai intentzionalitate bat hainbat mezu helarazteko. Bi eszena erotiko «potente» sartu ditu, «nahiko erraza zaidan generoa delako eta uste dudalako euskal literaturan gabezia handi bat dagoela literatura erotikoan, eta are gehiago literatura erotiko lesbikoan».
Irakurterraza
Lehenengo pertsonan idatzia dago liburua. Euskal Herrian eta Erroman kokatzen da. Hizkera soila, edo ulerterraza erabili nahi izan du idazleak, «erraz irakurtzen da». Bigarren helburu bat ere izan du hernaniarrak: «Ez nuen nobela lodi bat egin nahi. Azkeneko joeraren kontrakoa den arren, orriak kentzen pasatu dut azken fasea».
Bihar aurkezpena Igartzako jauregian 19:00etan
Gaur?Donostiako Elkarren aurkezpena egin ondoren, bihar, sariketaren izena daraman lekuan egingo dute aurkezpena: Igartzako jauregian, 19:00etan. Aitor Aldasoro alkatea, Juan Gastesi CAFeko arduraduna eta Joxe Mari Sors izango dira Kattalin Minerren ondoan. Bertaratzen direnei liburu bana emango diete. Aurretik, 17:30ean, Helduen eta Gazteen irakurle taldeetakoek Igartza sariketako fruitua izan den Unai?Villenaren Hauts haietatik liburua aztertuko dute.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.