‘Jainko basatia’ antzezlana ikusgai bihar Ordizian
Antzerki garaia programaren hirugarren saioa izango da ikusgai, bihar, ostirala, Ordiziako herri antzokian, 22:15ean . Txalo produkzioak taldearen Jainko basatia antzezlanaz gozatzeko aukera egongo da. Yasmina Reza idazle frantziarraren Le dieu du Carnage antzezlanaren euskarazko bertsioa antzeztuko dute Aitziber Garmendiak, Mikel Losadak , Andoni Agirregomezkortak eta Tessa Andonegik.
Jainko basatia komedia dramatikoa da eta bi bikote ezkonduren arteko gorabehereak jartzen ditu agerian. Izan ere, senar-emazteek euren seme-alaben artean izandako liskarra konpondu nahi dute. BI bikoteen arteko solasaldia giza-legez eta edukazio handiz abiatuko da, baina bilerak beste norabide bat hartuko du elkarri kristonak eta bi esaten hasten direnean.