Ordiziako Plaza Nagusian botako dute txupinazoa Zozomikotek eta Lamiak eguerdian. Itsasondon, 16:30ean bilduko dira ijitoak eta ijito beso erraldoia egingo dute jarraian
Iritsi dira kaldereroak eta ijitoak Goierriko hainbat herritara, inauteriak gertu diren seinale. Mozorroak jantzi eta zartagiak eskuan hartuta, zahar eta gazte, kaleak hartuko dituzte, kolorez eta zalapartaz betetzeko.
Haurrak zartagiak eskuan dituztela, Ordizian.
Bihar Ordiziako Kaldereroen egun handia da eta egun guztirako egitaraua dago prestatuta. 12:15ean botako dute Zozomikotek eta Lamiak txupinazoa. Kalderero txikien desfilea egingo dute jarraian. Plaza Nagusitik aterako dira eta Legazpi, Andra Mari eta Kale Nagusia zeharkatu ondoren, Plaza Nagusira joango dira berriro. Jakintzak, Urdanetak, Ordiziako musika eskolako banda txikiak, Urdaneta dantza taldeak, Amets Bidek eta Azen erraldoien konpartsak parte hartuko dute.
Kaldereroen paseoa 13:00ean hasiko da, Umore ona abesbatzaren, Laguntasuna errondailaren, Antxon Imazen eta Jose Ignacio Iturriotzen laguntzarekin. Herrigunean ibiliko dira, kaleak girotzeko.
Arratsaldean ere zarata ateratzen jarraituko dute kaldereroek Ordizian. 17:45ean, txikienentzako txokolatada egingo dute Nikolas Lekuona plazan. Toki berean, baina 18:30ean, Urrup antzerki taldeak
Zozomikote aurkeztuko du. Ondoren, kalderero konpartsaren desfilea egingo dute Kale Nagusitik hasita. Herriguneko kaleak zeharkatu ondoren Plaza Nagusira joango dira. Han, bukaerako erretreta egingo dute. Urrup antzerki taldeak Zozomikote pertsonaiarekin ikuskizun bat eskainiko du eta su emango diote panpinari.
Zozomikote erretzen duten une horretan, GMB dantza taldeak, Jesus Mari Garate koreografo ordiziarrak sortutako dantza dantzatuko dute. Antolakuntzak, esker ona adierazi nahi dio Garateri, «egindako lan handiagatik». Beti Argi bandak eta Oroith, Oroith Txiki eta Urdanetako Ahotsak abesbetzek ere parte hartuko dute amaierako ikuskizun horretan.
Itsasondoko ijitoak
Inauterien atarian, ijituek edo kaldereroek hartzen dituzte Itsasondoko kaleak, zartaginak eskuan, inauteriak badatozela iragartzeko. Aurten ere, Itsasondoko Guraso elkarteak bihar ospatuko den Ijito egunerako guztia prest du eta herritar guztiak animatu nahi dituzte mozorroak atera eta zartagiak astintzera.
Hainbat haur ijitoz jantzita Itsasondon.
Lehenik eta behin, herriko plazan elkartuko dira 16:30ean, eta ondoren ijitu besoa prestatuko dute Bizi Nahi elkartean. Aurreko urteetan sei eta bederatzi metroko ijito besoak egin dituzte. Aurtengoa oraindik sorpresa da baina ziur gertu ibiliko direla. 18:00ak aldera, herriko kaleetan zehar, zartagiak astinduko dituzte. Amaitzeko, afari-merienda egingo dute.
2005. urtean egin zuten lehenengo aldiz Itsasondon Ijito eguna Itsasondo Sorginemak emakumeen elkarteak antolatuta. Urte hartan, udaletxeko karromato bat hartu zuten, ijitoz mozorrotu ziren, zartagiak hartu zituzten eskuetan eta arkupean egon ziren musikarekin eta instrumentu inprobisatuekin zarata ateratzen. Harrezkero, ospakizuna handitzen joan da.