Goroskintxuko txabola eta pista berria, atzean Ausa-Gaztelu ikusten dela. // Argazkia: Iñaki Gurrutxaga
Aralarko pisten auzian Arartekoarengana eta Gipuzkoako Fiskaltzarengana jotzea erabaki dute ekologistek eta ingurumen arloko elkarteek. Parke naturala eta “ingurune babestua” dela azaldu dute, eta prozedura ez dela gardena izan.
Landarlan ingurumen elkarteak kexua agertu du Arartekoaren aurrean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Enirio-Aralar Mankomunitateko zuzendaritzak izandako jardunbidea dela eta. Saltarriko pisten ingurumen inpaktua aztertzeko Aldundiak 2016ko udaran onartutako ebaluazioa salatu du batetik; eta bestetik, Goroskintxurainoko pista egiteko mankomunitateak erabilitako prozedura. Behar beste informazio eman ez izana eta “parte hartzeko aukera mugatua” izan dela salatu dute.
Mankomunitateari informazio eskubidea urratzea leporatu diote: “Goroskintxurako pistaren lanak hasi zirenetik hogei egun pasatu arte, gure elkarteak ez zuen jaso eskatutako dokumentazioa. Orduan ere, obraren dokumentazioa espainolez jaso genuen, eta ingurumen jarraipenerako plana ez ziguten bidali. Gerora, lanak bukatu ondorengo txostena eskatu dugu, eta hori ere ez dugu jaso. Jasotako dokumentazioaren arabera, ez dago argi Goroskintxurako pista egitea Enirio-Aralarko Mankomunitatearen zuzendaritza batzarreko inongo bileratan erabaki zenik”, azaldu du ohar batean.
Ingurumen Fiskaltzari eskaera
Landarlanek eta Eguzkik, Ingurumen Fiskaltzara eraman dute Goroskintxurainoko pistaren inguruan egindako azken txostena. Udazkenean eraikitako pista horretako lurzoruan higadura sortzen ari dela ohartarazten du. 2016ko udan Gipuzkoako Aldundiak onartutako Ingurumen Ebaluazio Azterketan ezarri ziren neurriak ez direla betetzen ari salatu dute, eta nabarmenak direla gaur egun lurzoru higaduraren arrastoak.
Landarlanek, gainera, erreklamazioa jarri dio Enirio-Aralarko larreen ordenantzari, eta Aralarren lurzorua galtzeko arriskuan diren 1.600 hektareetan artzaintza mugatzeko eskatu du.