Aralarren ikuspegi orokorra. // Argazkia: Mikel Albisu
Aralar Natur Parkearen “kudeaketa integral eta egokirako ekarpen kualifikatuak” jasotzeko, Gipuzkoako Batzar Nagusietan talde txostengile bat eratzeko eskaera egin du EH Bilduk. Koalizioaren iritziz, batzorde horretan “sektore anitz, ezberdin eta ugariek” parte hartu beharko lukete, eta “iritzi guztiak kontutan hartuta, batzorde bereziak txosten bat onartuko luke ekainean, Foru Aldundiari eta Enirio-Aralar mankomunitateko kideei aurkezteko”.
EH Bilduk ohar bidez jakinarazi duenez, Gipuzkoako Batzar Nagusietako mahaiak gaur onartu du koalizioaren ekimenaren tramitazioa, eta ponentziaren sorrera hurrengo Landa Garapen batzordean eztabaidatu eta bozkatuko da. EH Bilduk ebazpen hori babesteko eskatu die EAJri eta PSE-EEri, eta elkarrizketarako deia egin dio Foru Gobernuari, “gatazka ez baita bide egokia Aralarko parke naturalak eta artzaintzak behar duten babesa bultzatzeko eta etorkizunerako irtenbide jasangarriak bilatzeko”.
Koalizioaren esanetan, Aralar natur parkeak “balio sinboliko, ekologiko eta kultural handia” du gipuzkoarrontzat, eta Foru Gobernuak aurkeztutako Kudeaketa Planak “tentsio handia” sortu du jendartean azken hilabeteetan. “Babesgabetasun sentsazioa eta ezinegona zabaldu dira, eta Zaldibiako Oiduiko borda erretzea azkeneko adierazlea dugu”.
Ikuspegi integralerako eskea
Foru Aldundiak honako helburuarekin osatu zuen Enirio-Aralar kudeaketa plana, EH Bilduk dioenez: “Mankomunitateak identifikatu eta onartutako beharrak egikaritzen laguntzea legealdian zehar, horretarako beharrezkoak diren baliabide tekniko eta ekonomikoak bideratuz”. Koalizioaren arabera, ordea, diputazioak jarraitu duen prozeduran natur parkea kudeatzeko aholku organua, Patronatua, ez du deitu, eta horrenbestez, ez du jaso arlo ezberdinetako eragileen iritzia. “Beraz, kudeaketa planean ez dago Natur Parkearen ikuspegi integralik”.
Adibide batzuk ere jarri ditu EH Bilduk. “Bide azpiegiturei dagokienez, ez dira proiektu ezberdinak proposatzen ezta inbertsioak justifikatzeko azterketarik aurkezten, eta beraz, ezin da lehenetsi inpaktu gutxien izango lukeen aukera”. Artzaintzaren egoerari buruzko “diagnosi eta proposamen integralik ere ez” dagoela dio, “ezta inbertsioak artzaintzan izango duten eragina eta bideragarritasun txostenik ere”.