Ostiralean ‘Indar. 75 urte. Etorkizuneko sustraiak’ liburua aurkeztuko dute . CAFen 100. urteurrenaren harira liburu aurkezpena, erakusketa eta Andres Arizkorretaren hitzaldia dituzte
Goierriko zientzia sare herrikoia elkarteak,
Lemniskatak, bost urte bete ditu dagoeneko, eta ohi bezala, ziklo «oso berezi» batekin ospatuko du,
Goierrik, Know How zikloarekin. «Geuk 5 urte betetzen ditugu eta benetan inportantea da gure inguruan dauden enpresek urteurrenak dituztela, Indarrek eta CAFek», adierazi du Joe Luis Etxezarretak.
Ostiralean hasiko da zikloa, Indarren 75. urteurreneko liburua aurkeztuz. Javier Barajas donostiarrak idatzi du liburua eta bere ondoan izango dira Indarreko, Lemniskatako eta Aranzadiko kideak. Ohi bezala, Igartzako jauregian izango da aurkezpena, 19:00etan.
Martxoaren 3ko eta 10eko hitzaldiak, Igartza Musikarekin eta Asmuberekin elkarlanean antolatutakoak dira: David Azurzarena eta Lorena Rodriguez legorretarrarena.
CAFen 100. urteurrena CAFek ehungarren urteurrena beteko du martxoaren 4an. Efemeride horren harira, hiru ekitaldi antolatu dituzte Lemniskatakoek. Batetik, martxoaren 24an, Juanjo Olaizola historialariak eta ikertzaileak 100 años de CAF liburua aurkeztuko du udaletxeko batzar aretoan.
Ondoren, Lemniskatak CAFekin eta Eusko Trenekin batera antolatu duen CAF, mende bat burdinbidearen zerbitzura erakusketa aurkeztuko dute. 150 argazkiren bidez, CAFen bilakaera azalduko dute. Argazki horiekin, katalogoa osatu dute eta salgai jarriko dute 3 euroan. Erakusketa Beasainen, Ordizian, Lazkaon eta Azpeitian jarriko dute. «Uda ondoren Goierriko beste herrietan jarri nahiko genuke».
Zikloarekin amaitzeko, martxoaren 31n, CAFeko presidente exekutiboaren, Andres Arizkorerretaren hitzaldia antolatu dute. CAFen etorkizunaz hitz egingo du.
Balorazio baikorra
Urteurren borobilak balorazioa egitea ere badakar berarekin. Lemniskatako kideak oso pozik azaldu ziren orain arte egindako lanarekin: «Oso balorazio baikorra egiten dugu. Geuk ere ez genuen espero gauden lekuan egotea. Jendeak ondo erantzun du antolatutako ekintzetan», zehaztu du Etxezarretak. «80 pertsonatik gora ekarri ditugu hitzaldiak ematera eta 5 erakusketa ere antolatu ditugu», gaineratu du. 72 bazkide ditu elkarteak, «talde bat ari gara lanean, bakoitza bere lanean, lan korala da Lemniskata».
Egitaraua
Ostiralean. Javier Barajas donostiarrak Indar. 75 urte. Etorkizuneko sustraiak liburua aurkeztuko du.
Martxoaren 3an. David Azurzaren Ahotsari buruzko mitoak hitzaldia, Igartza Musikarekin elkarlanean.
Martxoaren 10ean. Lorena Rodriguezen hitzaldia: Gizakiaren ugalkortasunaren arazoak. Arrazoiak eta irtenbidea. Asmuberekin elkarlanean.
Martxoren 24an. Juanjo Olaizolaren 100 años de CAF liburuaren aurkezpena eta CAF, mende bat burdinbidearen zerbitzura erakusketaren aurkezpena.
Martxoren 31n. Andres Arizkorreta CAFeko presidentearen CAF y el futuro hitzaldia.