Oiduegiko ‘jauregia’
Otsailaren 4an erre zen Oiduegiko mendizale txabolak 45 urte beteko zituzkeen aurten, funtzio horrekin. Artzain txabola izan zen lehenago, taberna eta guzti. ...
Otsailaren 4an erre zen Oiduegiko mendizale txabolak 45 urte beteko zituzkeen aurten, funtzio horrekin. Artzain txabola izan zen lehenago, taberna eta guzti. Auzolanean egokitu zuten zaldibiarrek, txoko maitatua izateraino.
‘Anizetoren txabola’ esanda ulertzen zuten zaldibiarrek, lehenago, Oiduegiko etxola hori zein zen. Anizeto Irastortza artzainak erabiltzen zuelako, mendizaleen aterpe izan baino lehenago. Mankomunitatearen jabetzakoa izan da beti, Aralarko beste txabola guztiak bezala. Baina, erabiltzeko eskubidea Anizetok zeukanez, bada, Anizetoren txabola. Artzain tradizioan ohiko izendapena den moduan, bestalde.
Zaldibiako Txamarretxe kalean jaioa zen Irastortza. Bizkaitarra zuen emaztea, eta hara joan zen bizitzera. Orduan, Oiduegiko txabola utzi zuen, 1960ko hamarkadan.
Taberna edukitzen zuen artzainak, txabolak. Mendizale asko geratzen ziren han, zerbait jan, edan eta atseden hartzera. Hala, leku herrikoia zen lehendik ere, jende askoren pausalekua. Zerbitzu publikoa ia. Zaldibiatik Aralarrera igotzeko bide usuena handik igarotzen zen: depositua, Gaintzola, Urrizti, Arransago, Pikotako gaina, Oiduegi, Enirio, Txutxuta, Beaskin, Igaratza eta San Migel zen betidaniko mendirako bidea.
Herri mugimendua
Oiduegi Anizetoren txabola hutsik gelditu zenean, eta lehengo biltoki izaera gogoan, Zaldibiako herri mugimenduak begiz jo zuen. Arlo askotan hasi ziren 1970ko hamarkadaren hasieran lanketan: kulturan, ikastolaren alde, mendizaleena, euskara, bertsolaritza… Horien ondorioz iritsi zen Oiduegiko txabolaren proiektua, 1972an. «Bazegoen herri dinamika bat aski zabala eta fronte dezente hartzen zituena, eta horren babesean, berez bezala, sortu zen Oiduegiko ekimena», dio orduan ibili zen batek.
Txabola berritzen hasteko, barrutik hildako behorra atera behar izan zuten, lehendabizi.
Oiduegiri berezitasuna, mugimenduak eman dio, urtetan. Mota askotako bilerak egin izan dira, festa herrikoiak, omenaldiak, irteerak, gaupasak. Belaunaldiz belaunaldi mantendu du lokarri hori zaldibiarren artean.
Une mikatzak lehen ere izan dira. 1975eko azaroaren 21ean —Franco hil eta biharamunean— hogei zaldibiar atxilotu zituen Guardia Zibilak, tartean bertsolari bat. Oiduegiko txabolan bazkari batean egon izana edo bertsotan aritua zuten askok atxilotzeko zioa.
Lau artzain txabola daude Oiduegi saroian, eta batean daude ardiak
Oiduegiko saroian, Gailurrerantz elkartearen mendizale txabolaz gain, beste hiru artzain etxola ere badira: Matximenta, Kaxkagorri eta Murua. Ardiak lehenengoan bakarrik edukitzen dituzte gaur egun, udan. Jexux Mendizabal ‘Kaxkagorri’ artzaina, berriz, oraindik urtero igotzen da Oiduegira. 91 urte beteko ditu aurten. 2006an, Oiduegiko txerritoki bat eta etxolak konpondu zituzten auzolanean, antzinako eran lehengoratuta.