Pedro Berriotxoak ‘Baserria eta eskola’ hitzaldia emango du bihar
Pedro Berriotxoa historialari urretxuarrak Baserria eta eskola hitzaldia emango du bihar, 19:30ean, Urretxuko udaletxeko sarreran. Mari Carmen Viedma irakaslearen laguntza izango du. Hitzaldi hau Joxe Mari Iparragirre institutuaren 50. urteurreneko
Pedro Berriotxoa historialari urretxuarrak Baserria eta eskola hitzaldia emango du bihar, 19:30ean, Urretxuko udaletxeko sarreran. Mari Carmen Viedma irakaslearen laguntza izango du. Hitzaldi hau Joxe Mari Iparragirre institutuaren 50. urteurreneko programaren barne antolatu dute.
Berriotxoa Urretxun jaio zen 1958an eta institutuan egin zuen bigarren hezkuntza. Ondoren, ingeniaritza agronomoa ikasi zuen. «Etxean baratzea genuen eta horregatik erabaki nuen ingeniaritza agronomoa ikastea. Ondoren, historia eta antropologia ikasi nituen», dio.
Irakasle bezala lan egin du batez ere, institutuetan: Oñatin 11 urte eman zituen eta Andoainen 14. Ondoren, 7 urte eman zituen Donostiako Herrera auzoko helduentzako eskolan. Ikasturte honetan Donostiako Usandizaga institutuan hasi da. Unibertsitatean ere eskolak eman zituen.
Eskolak emateaz gain, hainbat liburu idatzi ditu. «2006an antropologia ikasketak bukatu nituen eta ordutik nekazaritzaren historia aztertu dut: XIX. eta XX. mendeak, 1936ko gerrara arte. 2012an doktoratu egin nintzen».
Oso argi du zergatik aukeratu zuen gai hori. «Gai hori inork ez zuen aztertzen. Izan ere, ez dirudi historia denik. Euskal Jaietan baserritarrez janzten gara, horrekin bultzadatxoa ematen diogula dirudi… baina inork ez du gaia aztertzen. Hemendik kanpo, ordea, historiaren adar nagusietako bat da. Jendea ez da gerratik edo politikatik bizi, eguneroko lanetik baizik. Eta XX. mendera arte jende gehiena nekazaria izan da».
Mito asko daudela dio. «Euskal literaturako lehen obretako protagonistak baserritarrak dira eta horrek baserri mundua mitifikatu egin du, baina errealitatea tristea zen. Baserria ez zen toki xarmangarria», azaldu du historialari urretxuarrak.
Berriotxoak historian zehar egon diren baserri eskola ezberdinei buruzko lanak eta Aieteko baserriei buruzko liburua argitaratu ditu, besteak beste. «Aietekoak nekazal mundua galdu zutelako kezkatuta zeuden eta liburu bat idazteko eskatu zidaten. Beste gai batzuk lantzen hasi beharko naiz, bestela baserriei buruz idazten duen historialari bezala sailkatuko naute», esan du txantxetan.
Urretxuko udaletxeko sarreran baserriari eta eskolari buruzko harremanari buruz hitz egingo du. «Institutukoek zer edo zer egiteko eskatu zidaten eta baserriari eta hezkuntzari buruz hitz egitea erabaki dut: nekazaritza eskolak, auzoetako eskolak, baserrietako haurren absentis-moa…».
Berriotxoak apur bat urduri dagoela onartu du. «Herrian hitzaldi bat ematea ardura handia da eta beldur pixka bat ematen dit. Baina institutuaren urteurrena dela eta hitzaldi bat ematea proposatu zidatenean poztu egin nintzen, noski. 1972tik 1975era bitartean institutuko ikasle izan nintzen eta oso esperientzia positiboa izan zen», amaitu du.