Bide luzea aurretik
Goierri behean indarkeria matxistaren aurka jarduteko protokoloa landu eta izenpetu zuten 2015ean Goierri beheko 18 udalerriek, eta indarkeria matxista kasu baten aurrean inplikazio ...
Goierri behean indarkeria matxistaren aurka jarduteko protokoloa landu eta izenpetu zuten 2015ean Goierri beheko 18 udalerriek, eta indarkeria matxista kasu baten aurrean inplikazio zuzena duten bailarako gainerako erakundeek.
Protokolo horren jarraipena egiteko Koordinazio batzordea jarri zen martxan; urtarrilaren 31n egin zuen azkeneko bilera. Koordinazio batzorde hori Goiekiko Gizarte Arloko teknikariak, Beasaingo eta Ordiziako Berdintasun Sailetako ordezkariek, Goierri beheko 18 udalerrietako Gizarte Langileen ordezkariek, Oriako Ertzain Etxeko ordezkariak, Beasaingo, Ordiziako eta Lazkaoko udaltzainen ordezkariek eta Beasaingo, Ordiziako eta Lazkaoko osasun zentroetako ordezkariek osatzen dute. Azkeneko bileran 2016ko datuen bilketa eta irakurketa egin zuten; Genero indarkeria Goierrin. 2015 eta 2016an erregistratutako kasuen analisi kuantitatiboa txostena Goiekiren webgunean argitaratu dute.
Datu horien arabera, 2016an Goierri behean 30 indarkeria matxista kasu gertatu dira; gehienak Beasainen (10) eta Lazkaon (7); bortizkeria fisikoa, psikikoa zein sexuala. Txostenaren arabera, biktimen %73k jarri zuen salaketa.
Zenbaki horien ondorio nagusia ondorengoa da, Prospektiker enpresako Irune Virgelen esanetan: Goierri beheko zerbitzu desberdinetan genero indarkeriagatik artatutako eta bikotearen aurka salaketa jarri duten emakume gehienak 40 urtez azpikoak dira, bertakoak, eta seme-alabak beraien ardurapean dituztenak. «Zoritxarrez emakumeen aurkako indarkeriak ez dauka adinik, ez posizio sozialik, ez nazionalitaterik; hau errealitate bat da», dio Virgelek.
40 urtez azpikoak
Biktimak gazteak dira, 40 urtez azpikoak: «Beharbada, emakume gazteek baliabide sozialen eta asistentzialen ezagutza handiagoa izatea eta biolentzia egoera bizi dutela barneratzeko duten gaitasun handiagoa izateak eragiten dute biktimen profila gaztea izatea».
Sarritan indarkeria matxistaren kasuak herrialde zehatz batzuetako herritarrekin lotu izan dira. Goierri beheko datuek diotenez, ordea, bertakoak edo Espainiako Estatutan jaiotakoak dira indarkeria matxista jasan duten emakumeen gehiengoa, %70: «Adinaren gaian gertatzen den bezala, biktimaren nazionalitatea erasoen proportzionaltasun handiagoarekin lotzea, gizartearen irudimenean soilik dagoen kontua da», dio Virgelek.
Biktimarik gehienek (%53) bere ardurapean izaten dituzte seme-alabak edo adin txikikoak. Virgelek gogoratu duenez, 2014an Istanbuleko Hitzarmena sinatu zenetik, adin gabeko seme-alabak ere genero indarkeriaren biktima zuzenak dira; «Ordura arte ez zegoen horrelakorik eta orain, babes, arreta espezializatua eta errekuperazioa jaso dezakete».
Horrekin batera, zaintza eskubideak zehazterako garaian ere «adin txikikoak babesten dituzte biolentzia inzidentziak kontutan hartuta», zehaztu du. Izan ere, frogatuta dago adin txikia duten garaian edozein biolentzia gertaera (fisikoa, psikologikoa, sexuala,…) ikusteak, ondorio psikologiko nabarmenak eragiten dituela, norberaren izaera eta nortasuna eraikitzerako garaian: «Autoestimuaren inguruan, harremanak izateko garaian, bikote harreman bat nolakoa izan behar duen eraikitzeko garaian…».
Urratsak aurrera
Indarkeria mota horri eta errealitateari aurre egiteko Goierrin urrats egokiak egiten ari direla uste du Virgelek: «Beharrezko ahaleginak egiten ari dira genero indarkeria jasaten duten biktimei arreta zuzena eta egokia, eta babesa emateko». Gaur egun dauden udal baliabideak aipatu ditu, baita 2015ean egindako Goierriko Genero Indarkeriaren Aurkako Protokoloa bera ere.
Eragile guztien inplikazioa beharrezkoa dela uste du Virgelek: «Orokorrean, gaian murgildutako profesionalen inplikazioa eta etengabeko formakuntza eta babes egokia ezinbestekoa da errealitate honi aurre egiteko».
Bideari ekin bazaio ere, asko geratzen da egiteko, emaitzek eta errealitateak erakusten duten bezala.
Txosteneko datuen laburpena
Genero indarkeria Goierrin.2015 eta 2016an erregistratutako kasuen analisi kuantitatiboa txostenak datu hauek biltzen ditu:
30 kasu. 2016. urtean 30 indarkeria matxista kasu izan ziren Goierri behean: Ormaiztegin 2, Ataunen 2, Zegaman 1, Lazkaon 7, Gabirian 1,
Ordizian 3, Idiazabalen 2, Beasainen 10 eta Itsasondon 2.
4o urte baino gutxiago. Biktimen %70ek 40 urte baino gutxiago zituzten. Datuak xehetuta, % 27ak 18 eta 30 urte artean zituen; % 43ak 31 eta 40 urte artean, % 23ak 41 eta 50 urte artean, eta % 7ak 51-64 urte artean.
Nazionalitatea. Indarkeria matxista jasan zuten emakumeen % 70 bertakoak eta Espainiako Estatuan jaiotakoak izan ziren.
Indarkeria mota. Biktimen % 40ak indarkeria fisikoa jasan zuen; bortizkeria fisikoa eta psikologia jasan zutenak % 37 izan ziren; eta indarkeria sexuala sufritu zutenak, berriz, % 3.
Seme-alabak eta adingabeak. Biktimen % 53k seme-alabak eta adigabeen ardura zuten.
Lehenengo hautemateak. Hautemateen erdia baino gehiago, % 56, Ertzaintzak erregistratu zituen, 17; Udaltzaingoak 6, Gizarte Zerbitzuek 5 eta Osakidetzak 2.
Salaketa. 2016an biktimen % 73k jarri zuen salaketa.